Baina… soldata ttikiago izaten du, aunitzetan; ardura edo kargu eskasagoa, aginte politiko, jendarte nahiz erlijiokoan. Nazareteko Jesusen segitzaileen arteko elizan, nabarmenago ikusten da hori, nahiz eta emaztekiak diren, hain zuzen, gehien parte hartzen dutenak. Eta Jesusen Berri onean, jendarteko berdintasuna eta apaltasuna nahiko azpimarratuak badaude ere.
Jendea libre izateko sortua da, gizona nahiz emakumea
Munduko jendartean, ahalik eta nagusiena izateko goseak eragin handia du, lehen eta orain; bai jende arteko hartuemanetan, bai herrialde edo nazio artekoetan ere. Erraterako, Amerikako historiaren berri bezalako zerbait bederen jakiteak, aski argi eskaintzen ahal digu. Hainbertze lurralde dituen eremua, hainbertze herrialde eta kulturaz hornitua zena, gaur egun europar arraza eta kultura erabat bertako nagusi direla erraten ahal dugu. Europarrek indarrez menperatu zutelako.
Eta Amerika baino hurbilago gertatzen denaz ohartzeak berak garbi erakusten digu, zeinen zail bilakatzen zaigun, jende arteko aniztasun eta ezberdintasuna errespetatzea. Gizartea gobernatzeko taldeak behar eta, elkarrekin ezin konponduz ibiltzen dira. Denen gainetik, nagusi izatea bilatzen. Eta ez gaitezen gure Herrialdeaz, Euskal Herriaz, atzendu. Beren menean eduki nahi gaituzten, gu baino handiago diren herrialdeengandik defenditzea baita gure historia luzea. Eta, segur, oraindik gehiago luzatuko dena. Emakumearen askatasun eta berdintasuna aldarrikatzean, Herriarena ere bulkatzen dela iduri du. Dena den, jendea libre izateko sortua da, gizona nahiz emakumea; zoriontsu izateko sortua den bezala. Horiek betetzen saiatzea, beraien eginkizuna ere bada. Eta aitortu behar, neke zerrenda luzea jasan dutela hainbatek historian zehar, helburu horren alde jokatzeagatik.