Nor gara, bada, gu?

Erabiltzailearen aurpegia Pello Apezetxea Zubiri 2018ko aza. 16a, 13:02


Jendeak izaera berezia du, baina desberdina batetik bertzera, ezberdinak baitira jende bat eta bertzea; ezberdinak diren bezala herri deitzen ditugun jende taldeak. Izaera berezi eta desberdin hori adierazteko nortasun solasa ere erabiltzen dugu. Nortasun anitza da jende artean, eta nortasun anitza herri artean.
Zertan ageri da pertsonaren edo herriaren nortasun desberdina? Zein dira desberdin izatearen ezaugarriak? Izaera fisikoa, noski, gorputzaren forma eta zentzumenen gaitasuna.  


Baina aunitzez gehiago ere bai: Pentsatzeko eta sentitzeko ahalmena, eta pentsatu eta sentitutakoa  adierazteko mintzaira edo hizkuntza.
Adierazteko  bertze moduak ere baditu jendeak, artea, errate baterako. Dena den, hizkuntza da jendeak gehien erabiltzen duen adieraz bidea. Aski maiz erraten da, hizkuntza dela gizakiaren eta herriaren izaeraren ezaugarri nagusia.
Horren inguruan, ordea, aspalditik sortu da, eta egun sortzen da arazo franko. Estatu deitzen ditugun herrialde aunitzetan arraza eta hizkuntza bat baino gehiagoko herritarrak bizi dira; eta talde batzuk bertze zenbait menean hartu izan dituzte, eta gaur egun ere  hala dauzkate, hainbat lege eta hizkuntza erabiltzera derrigortuz, ttikienak errespetatu gabe.
Horren araberakoak dira, aginte politikoa duten batzuen mintzaira eta jokaera burugabea. Errate baterako, kargudun espainol zenbaitek euskara Nafarroako hizkuntza ez dela  erratea; edo Nafarroako bertako batzuek euskararen kontrako manifestazioa plantatzea. Horrela gure izaera, nafar-euskal izaera, desagerrazi nahi dutela iduri du, gure guraso eta aitzinekoengandik hartutako izaeraren alderdia ezabatu, eta kanpotar bihurtu.
Horiek ez dute ikasi, edo ez dute gogoratu nahi, duela 800 urte Nafarroako erregeak adierazitakoa, euskara nafarren hizkuntza zela, alegia?
Aunitz ixtorio dira, aspalditik euskara Nafarroako hizkuntza zela erakusten dutenak. Bertze bat, bederen, bururatu nahi dut, duela 400 urtekoa. Antonio Venegas Iruñeko apezpikuak kultur ekitaldi batzuk plantatu, eta hiru hizkuntzatan egin zituen: latin, gaztelania eta euskaraz. Eta honela mintzatu zen: «Euskara da Nafar Erreinuko lehenbiziko hizkuntza». Eta oroitu behar dugu, apezpiku hura madrildarra zela. Hara begirunea bertako hizkuntzari!.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun