Jendarteko gazteak eta adinekoak

Jendartea jende ezberdinez osotzen da, ezberdintasun aunitzeko jendez. Ezberdintasun horiek elkarrekin  bizitzeko zenbait zailtasun sortzen dute; baina, baita  jendartea aberastu ere.

Ezberdintasun horietako batzuk adinarekin loturik gertatzen dira. Hogei urtekoak eta lauretan hogei urtekoak ez ditu gauzak modu berean ikusten, modu berean sentitzen, modu berean egiten. Gazteak oraina bizi du, batez ere; oraina da bere bizitzaren oinarri nagusia, oraingoak dira bere sufrikarioak, bere gozamenak, bere eginbeharrak.
Eta adinekoak? Honek ere oraina badu, bai, baina desberdina. Oraingoa du hainbat gauzaren oroitzapena eta urteetan zehar bildutako ulertzea; lehen sumatzen ez zuen ahulezia ere bai. Gazteak ez bezalako lehengoa bizi du, lehen ikusia, lehen jasana, lehen egina. Hara bada, jendartea hasmentan  eta sasoi onean dagoen jendeak eta urteen joanaz nekez dabilenak osotzen dute. Eta biak dira, modu batera edo bertzera, baliagarriak, biek aberasten dute jendartearen bizimodua. Bien eginak dira estimagarriak, aspaldiko bi edo hiru solairuko etxe zaharrak, eta gaur egungo solairu bakarrekoak; lehengoen eta gaurkoen naturaren  ezagutzak, biak dira errespetagarriak eta lagungarriak, nahiz eta ez izan berdinak; batzuen eta bertzeen sinesteari eta usteari zor zaie begirunea.
Adinekoak aipatzean, adineko izan eta gure artetik desagertutakoak ere gogoratzekoak dira. Gaur egungook erabiltzen eta probexten dugun hainbat gauza, haiei esker baititugu. Haiek ere gure jendartekidetzat jotzen ahal ditugula iduritzen zait, gure begiz gaur egun ikusten ez baditugu ere. Zerbaitengatik da aspaldi errana, historia bizitzaren maestra dela, zera alegia, lehengoaz eta lehengoengandik aunitz dugula zer ikasi. Edo eta bertze batek idatzi zuenaren arabera, historia egiaren ama dela. Izan ere, errealitatea ahal den gehien eta hobekien ezagutzea hagitz inportantea dugu jendeok. Horretarako, guk egun jakin eta egiten dugunaz gain, lehengoek zekiten eta egindakoak, historiak kontatzen diguna hori da, errealitatearen izaera nolakoa den argitzen digu.
Galdetu beharrean gaude, beharbada, saiatzen ote garen historia hori jakiten, joandakoek egindakoaz ohartzen eta oroitzen ote garen. Eta erantzuna ez ote da ezezkoa, hainbatetan ?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun