Carmen, eta jendearen gaitasuna

Erabiltzailearen aurpegia Pello Apezetxea Zubiri 2018ko api. 22a, 12:00

Lagunarena etorri zait burura. Aspalditik eri, eta hondarraldian egun frankoz ospitaleratua, egoera motelari eragin nahi eta, tratamendu berria plantatu zion medikuak.  Honek, hobetzeko aukera izaten ahal zuela errana zuen. Beteko zen sendagilearen ustea?

Bisitaldian nik egindako «zer moduz» galderari, «oraindik ez dakit botikaren eraginaren berri», erantzun zidan lagunak, «nahiz eta zerbait hobetuaren ustea badudan. Dena den, ez baitakit zenbateko hobetzea izaten ahal den». Egun guti ziren, bai, tratamendu berriarekin hasi zenetik. Gero jakin nuenez, hilabete batzuen buruan argi hobetua ikusten omen zuen bere osasuna. Baina oraindik ere ez zekien hobetzearen muga jo zuen edo ez. Gehiagorako gai zen?
Horren antzeko gogoeta bururatu zitzaidan, Carmen Etxalarkoa pastorala ikusitakoan. Zenbatek pentsatu izanen zuten, Etxalar bezalako herri batek gainditzen ahal zuela, ehun eta gehiago lagun ez profesionalek hiru orduko eta erdiko antzerki ekitaldia, euskaraz, hain egoki  betetzea?
Bai, bai, egia, ordu aunitz jo dutela testua ikasten, kantuak eta tresna musikaldiak ensaiatzen, arropak eta bertze hainbat gauza prestatzen. Baina, berriz diot, zenbatek pentsatzen ote zuten, pentsatzen ote genuen, Pastorala hori bezalako ikuskizun polita etxalartar herritarrek eskaintzen ahal zigutela? Hagitz polita, bai, baina baita denbora eta zailtasun handiak gainditzea ere galdetzen duena. Herritarrak gogoratzean, Zuberoa, Baztan eta bertze lagun euskaldun batzuk ezin ditugu atzendu, beren borondate hutsezko laguntzagatik, pastoralaren egile eta zuzendariaren egite bereziaz aparte.
Bizitzan ausardia puxka bat izatea lagungarri bilakatzen ahal zaigu, zenbait momentutan uste baino ahaltsuago garela ohar gaitezen; bakarka batzuetan, eta taldeka bertzetan. Zergatik sortu ote zen, eta gaur egun oraindik mantendu, jendea elkartu eta taldeka bizitzeko ohitura? Gure gaitasuna handitzeko, noski. Aunitz laguntza eta zerbitzuz gozatzea ezinezko izanen baikenuke, bertzela.
Dena den, hondarreko urteetan ikusten dugun joera, bakarka ibiltzekoa ote den iduri du, eta kanpo aldera gehiago begiratzea. Lehen ez bezalako aukerak direlako, behar bada. Edo ez?.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun