Musu truk

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zabaleta Lasarte

Zientzialari eta ikertzailea naizela esaten dudanean jendeak mantal txuriarekin, eskularru berdeak eta babes-betaurrekoak jarrita laborategian kolore desberdinetako likidoak ontzi batetik bestera pasatzen irudikatzen nau.

Urte askoan nire egunerokoa horrela zen gutxi gorabehera. Baina zientzia karreran aurrera egin ahala, laborategiko 'eskulana' gero eta murritzago egiten da, eta nire kasuan, azken urteetan ia-ia ez naiz laborategian nahaspilatzen ibili. Nire egunerokoaren zati handi bat ordenagailu parean (irakurtzen, idazten, online bileratan…) edota bileretan pasatzen dut. Laborategi buru izanda, nire ardura laborategia bizirik mantentzea da, eta horretarako nagusiki hiru gauza behar dira: zientzia itzela, kudeaketa eta dirua. Noski, zientzia da gehien gustuko dudan aldea: proiektu berriak diseinatu, emaitzak analizatu eta ondorioak atera, eta gure proiektuak kongresuetan aurkeztu. Zientzia honek kudeaketa konplexua dakar. Agian zailena laborategiko langileak kudeatzea da: kontratazioak, komunikazio eraginkorra, bitartekari lanak eta hainbat zeregin konplexu. Azkenik, zientzia hau posible izateko dirulaguntzak eskatzen ditugu etengabe eta gehiengoak oso lehiakorrak dira (arrakasta-tasa % 20 baino txikiagoa). Honek guztiak zentzua du noski eta hau da zientzialariok egin nahi duguna.

Baina badaude beste hainbat lan ziurtzat jotzen direnak eta gehienetan ez daudenak ez eskertuak ez ordainduak ere. Musutruk egiten ditugu. Lan hauen artean ikasleen formakuntza (klaseak eta laborategiko praktikak), gizarteari zientzia komunikatzea, kongresuak antolatzea, zientzia elkarteetan egiten dugun lana eta berrikusle eta ebaluatzaile lanak dauzkagu. Azken hau bereziki polemiko bilakatu da azken urteetan.

Kasurik grabeena zientzia aldizkariena da. Orokorrean, zientzialari baten balioa bere zientziak duen inpaktuan neurtzen da eta horretarako zientzialariak argitaratzen dituen artikuluak eta zein aldizkarietan argitaratzen diren hartzen da kontutan. Beraz, aldizkari hauen menpe gaude dirulaguntzak eta 'prestigioa' lortzeko. Argitaratze prozesua oso gogorra da. Artikulua bidalita, hainbat adituk ebaluatzen dute eta aldaketak eskatzen dituzte. Artikulua bidaltzen dugunetik aldaketa guziak egin eta onartzen diren arte urte bat edo bi pasa daitezke, batez ere inpaktu handiko aldizkarietan. Artikulua onartutakoan, ordaindu egin beharra dugu argitaratu ahal izateko. 9.000 euro ordaintzera ailegatu naiz artikulu batengatik. Hori ez balitz gutxi, beste zientzialari batzuk argitaratu dituzten artikuluak irakurtzeko ordaindu egin beharra dugu ere bai. Eta azken kolpea, artikuluak ebaluatzen dituzten adituak gu geu gara eta dohain egiten dugu! Musu truk! Gainera, onura kontsideratzen da prestigio handia duten aldizkarietako ebaluatzaile izatea.

Sistema honetan sartu gara eta ez dakigu nola atera, ez baitaukagu beste modurik zientzia neurtzeko. Batzuk ebaluatzaileei ordaintzea eta beste batzuk aldizkariei boikota proposatu dute, baino momentuz inork ez du behatzik mugitu.

Zenbat ari zarete pentsatzen zientzia aldizkari negozioan sartzea? Ni ere planteatzen ari naiz…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun