Adimen handia baina ikuskari txikia

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zabaleta Lasarte 2026ko urtarrilaren 24a

Azaroaren 6an James Watson zientzialaria hil zen. Watsonek Nobel Saria irabazi zuen Francis Crickekin batera DNAren estruktura deskribatu zutelako 1953. urtean. Aurkikuntza hura oso garrantzitsua izan zen zientzian eta biomedikuntzan, eta zientzialari guztiok entzun dugu Watsoni eta Cricki buruz. Zientziak asko zor die bi zientzialari argi hauei, eta ez dago dudarik beraien adimenaz, baina adimen handi baten atzean gauza gehiago daude.

Jakina da Watsonek eta Crickek egindako aurkikuntza Rosalind Franklin emakume kimikariaren ikerketan oinarritua dagoela. Franklinek, bere X izpi esperimentuetan, DNAren argazki bat lortu zuen, eta bertan DNA helize bikoitz bat dela ikusten zen. Franklinen baimenik gabe, Watsonek eta Crickek bere ikerketaren emaitzak ikusi zituzten, eta horietan inspiratu ziren berain eredua eraikitzeko. Nobel Saria DNA estrukturaren eredua plazaratu eta ia hamar urteetara eman zieten Watsoni eta Cricki, baina Franklin ezin izan zen saritu urte batzuk lehenago hil zelako minbiziaren ondorioz, seguruenik X izpien eraginpean jartzeagatik bere ikerketa egiteko. Ironikoa, ezta?

Honez gain, Watson eta Crick polemikaz inguratuta egon izan dira beraien ideien ondorioz. Watsonen iritziz, genetikak markatzen ditu pertsona baten ezaugarriak, begien eta azalaren kolorea, altura, hainbat gaixotasun izateko probabilitatea, baita adimena ere. Ondorioz, Watsonen ustez, emakumeen eta hainbat arrazatako pertsonen adimena genetikoki mugatuagoa dago eta ez dute gaitasunik aurkikuntza garrantzitsuak egiteko. Imajinatzen dut denek gauza bera pentsatu izan duzuela: «Watson, emakume eta beste arrazetako pertsonek ez dituzte izan zuk izan dituzun pribilegioak eta aukerak, eta beraz, ezin izan dute beraien potentzial guzia garatu sistema honen barruan». Argi gelditu da, nahiz eta zientzia gaietarako oso azkarra izan, Watson ez zela gai inteligentzia sozial bat edukitzeko.

Arazo nagusia da Watson bezalako ikerketa buru askoren iritzien ondorioz, zientzialari askori ez zaiela eman aukerarik beraien karrera behar bezala garatzeko, eta seguruenik, aurkikuntza asko galdu ditugu Watson bezalako «pertsona adimentsuei eta azkarrei» boterea emateagatik. Nahiz eta zientzia arloan boterea duten pertsona guziek ez izan hain iritzi erradikala, nagusi askok genero, arraza, jatorri eta sexu orientazioari buruzko aurreiritziak dituzte. Gainera, oso ohikoa da aurkitzea ikerlari nagusiak ez dutenak zientziatik haratago ikusten eta ez direnak konturatzen pertsona guziak ezin direla berdin tratatu eta pertsona bakoitzarentzat aukera desberdinak eta laguntza bereziak sortu beharrak direla.

Beraz, nire galdera da: zenbat ikerlari ari gara galtzen zientzialari prototipoan ez direlako sartzen?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun