Zientziari ‘Trump-a’ egiten

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zabaleta Lasarte 2025ko api. 27a, 09:30

AEBko gobernu berriko politiken inguruan asko entzun dugu: immigrazioa, muga zergak, trans pertsonen eskubideak, ingurune politikak, eta abar. Presidente amerikarrak zientzian eta ikerketa akademikoan ere eskua sartu du eta hainbat lege polemiko plazaratu ditu.

Trumpek beti izan ditu ideia eztabaidatsuak, baina bere bigarren agintaldian ideia hauek errealitate bihurtzeko aukera izan du, bai kongresuan baita senatuan ere gehiengoa baitu eta ez du aurkitu legeak onartzeko trabarik. Beraz, gobernuaren agintea hartu ahala, legeak aldatzen hasi zen eta Ameriketako Estatu Batuetan kezka handia sortu zen. Noski, ez zen harrigarria zientzia arloan ere aldaketak izatea, baina ez genuen espero hain azkar gertatzea eta hainbesteko aldaketak izatea denbora gutxian.

Lege hauek eduki duten eragin nabarmenena epe motzera finantziazioaren inguruan izan da. Unibertsitate eta ikerketa zentro asko gobernuaren finantziazioaren menpe daude. Adibidez, laborategi askok Zientziaren Institutu Nazionalaren (National Institute of Health edo NIH ingelesez) dirulaguntzak jasotzen dituzte. Dirulaguntza horiek ikerketa gastu zuzenak (soldatak, esperimeduetarako materialak) eta zeharkakoak (ikerketa zentroak jasotzen dituenak gastu orokorrak ordaintzeko: administrazioa, argia, mantentze lanak, eta abar) ordaintzen dituzte. Trumpen aginduek zeharkako gastuentzako laguntzak % 15era jaitsi dituzte, hau da, gastu zuzenetarako erabiltzen den dolar bakoitzeko 0,15 zentimo emanen dizkiote zentroari. Harvarden zeharkako gastuak % 70ekoak ziren, eta egun batetik bestera, %15ekin moldatu beharko dute. Ondorioz, hainbat administrari postu ezabatu behar izan dituzte, eta ondorioz, hainbat ardura ikerlariei dagozkie orain (dirulaguntzen kudeaketa, kontratazioa…), beraien egoera prekarioa areagotuz. Aldaketa horiek unibertsitate handiei eragin diete gehienbat, pentsaera librea eta iraultzailea bultzaten den unibertsitateei.

Bestalde, hain inpaktu nabaria ez duten politikak ere sustatzen ari da presidente estatubatuarra: dibertsitate programak bertan behera uztea, gobernuko zientzia agentzietako lidergotik zientzialariak kanporatzea eta politikariekin ordezkatzea, txertoen aurkako pertsona bat jartzea Gaixotasun Kontrolerako Zentroko zuzendari, eta abar eta abar.

Aldaketa horiek guztiek zientzia mundua eraldatu behar dute. Jende askok beraien lana galdu du, ikerlari asko ziurgabetasunean bizi dira, zientzialariak kalera atera dira protestak egitera eta zientzialari atzerritar askok beste herrialde batzuetara joatea planteatu dute. Azken ondorioa zientziako talentua galtzea izanen da, eta ez litzateke harritzekoa izanen Ameriketako Estatu Batuek zientzia arloan mundu mailan duten garrantzia galtzea eta talentu hori beste leku batzuetan kontzentratzea, Txinan, adibidez.

Nire aholkua gobernuei: kasu eman zientzialariak elkartu eta mugitzen hasten direnean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun