Zientziaren mugak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zabaleta Lasarte 2024ko eka. 30a, 10:30

Noski denok dakigu, batez ere zientzialariek, zientzia mugatuta dagoela. Zientziaren helburua gauza berriak deskribatu eta aurkitzea da, eta beraz, ez dugu natura bere osotasunean ulertzen. Hau nahiko nabaria da denontzat, baita zientzialariak ez direnentzat ere. Baina gaurkoan beste muga batzuei buruz idatzi nahiko nuke: herrialdeen arteko mugei buruz. Dagoeneko bost urte baino gehiago bizitu dut zientzia Estatu Batuetan eta bada garaia etxera bueltatzeko. Baina, prest al nago beste zientzia sistema batera itzultzeko?

Zientziaren ideia platonikoa denok dugu burutan: gauza berriak aztertu, ideia interesgarriei buruz hitz egin, teoria berriak eraiki, gizarteari aportazio garrantzitsuak ekarri. Errealitatea, zoritxarrez, ez da hain platonikoa. Zientzian lana egin ahal izateko beste hainbat gauza eduki behar dira kontuan: finantzazioa, politika, gizartea eta ismoz bukatzen diren hitz asko (matxismoa, arrazismoa, klasismoa, eta abar). Elementu horiek guztiek zientziaren ideia eraldatu dute, zientzia munduko errealitatera jaitsi dute. Elementu horiek oso desberdinak dira munduko herrialdeen arabera. Bistakoa da finantzazio maila asko aldatzen dela herrialde batetik bestera: Estatu Batuetan orokorrean finantzazioa lortzeko aukera asko daude, eta zientzialari ona izanez gero, zure ikerketa finantzatzeko arazorik ez dago. Kontrara, Europako herrialde batzuetan finantzazio maila baxuagoa da eta ikerketa talde askok arazoak dituzte beraien zientzia aurrera ateratzeko. Bestalde, politikeo asko dago orokorrean. Kontaktu onak edukitzea beti izaten da lagungarri eta batzuetan pribilegioak modu susmagarrian banatzen dira.

Elementu interesgarri bat, eta beharbada hain nabari ez dena, zientziaren gizartea da. Laborategiko giroa, elkarlana eta pertsonen arteko harremanak oso desberdinak izan dira nire esperientzian. Doktoretza Iruñean egin nuen, eta bertan familia bat ginen. Elkar laguntzen genuen, talde lana oso ohikoa zen, bata bestearen bizitzari buruz asko hitz egiten genuen elkarrekin bazkaltzen genuenean, irri eta broma asko geneuzkan gure kafe atsedenaldietan eta elkar zaintzen genuen. Bostonera iritsi nintzenean, panorama desberdina zen: denak atseginak ziren, baina askoz ere independenteagoak. Orokorrean ez dute elkarrekin bazkaltzen, bakoitzak bere laborategiko protokolo eta prozesu propioak ditu eta askotan Internetera jotzen dute protokolo berriak ikasteko, lankideei galdetu beharrean. Askok ez dute bizi pertsonalari buruz hitz egiten eta elkarzaintza ez da orokorra. Hemen lan egiten konturatu naiz oso bakarrik senti zaitezkeela nahiz eta jendez inguratuta egon.

Ondorioz, nire hasierako galderaren erantzuna «Bai» potolo bat da. Prest nago hango sistemara bueltatzeko, nahiz eta ikerketa finantzatzea zaila izan, ez izan gai politikeoaren jokoan sartzeko eta ismo kontzeptu batzuk oraindik konpondu gabe izan. Zientziaren bidea gogorra eta prekarioa da eta bide hori arinagoa egiten da lankide onez inguratua zaudenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun