Emaila nire ospitaleko terapia geniko eta zelular institutuarena da. Duela hilabete batzuk beka batzuk atera zituzten eta gure sisteman zeuden ikerlari guztiek beraien proiektuak bidali zitzaketen finantziazioa lortzeko beka horien bitartez. E-mailean irabazleen izenak daude. Eta a ze sorpresa nirea! Sei irabazleak gizonak dira! Nola da posible bekak ematen dituzten pertsonek ez ikustea niretzako (eta seguru nago milaka emakumerentzako) hain ebidentea den arazo bat? Akaso ez dira konturatzen gure sistemaren barruan gizonen proiektuak bakarrik sustatzen ari direla? Ze mezu bidaltzen die honek emakume zientzialari gazteei? Noski, nire ospitaleko terapia geniko eta zelular institutuaren lidergoa gizonak dira, eta noski, ez dituzte betaurreko moreak.
Emakumeek zientzien duten papera errebindikatzen daramat urte askoz: beraiek ikusgai jartzen, genero desorekari buruz gizartea kontzientziatzen eta emakume zientzialarientzako baliabideak eskura jartzen. Lan honi esker betaurreko moreak daramatzat beti, ezin ditut kendu. Edozein egoeratan, talde bati pribilegio bat ematen zaionean (bekak banatzean, kongresuetako mahai inguruetara zientzialariak gonbidatzean, konsortzio zientifikoak sortzean), nahi gabe emakumeak eta emakume gazteak direnak kontatzen ditut. Dagoeneko imajinatu izanen duzue normalean desoreka handi bat nabari dudala.
Arazoa da pribilegio horiek dauzkaten pertsona asko ez direla konturatzen pribilegiatuak direla eta ez dira gai ikusteko desoreka ebidente bat dagoela. Gehiengoek pentsatzen dute merezi dutelako daudela hor, eta segur aski merezi dute, baina berdin-berdin merezi duten beste batzuk kanpoan gelditu dira. Baina, zergatik gelditu dira kanpoan? Beti kanpoan egon direlako eta esfortzu gehiago behar delako beraiek aurkitzeko. Adibide bat jarriko dut. Oraintxe Google-en 'expertos en neurociencia' bilatu dut eta aurreneko artikuluan hamar neurozientzia aditu aurkitu ditut. Denak gizonak. Neurozientziari buruzko mahai inguru bat antolatu nahi baduzu eta Google-era jotzen baduzu, gizonak aurkituko dituzu, eta emakumeak aurkitzeko 15. loturara jo beharko duzu. Emakumeak gonbidatzeko egin behar duzun esfortzua handiagoa da, askoz emakume gutxiago daudelako espazio pribilegiatuetan, eta beraz, ez daude komunikabideetan.
Hala ere, urte hauen guztien ondoren badakit emakume horiek hor daudela, meritu berdinarekin, baino inork ez ditu «deskubritu». Imajinatzen dut gauza bera pasako dela beste arlo batzuetan. Egoera hauetan, pribilegioak emateko boterea dugunean, betaurreko moreak jarri behar ditugu eta meritua duten pertsona «ezkutu» horiek aurkitu. Baino espero dut denbora pasa ahala gero eta jende gehiagok betaurreko moreak jartzea injustizia hau luzatu ez dadin. Eta zuk, badituzu betaurreko moreak?