Min ezkutuak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zabaleta Lasarte 2023ko mar. 26a, 10:00

Irudikatu bi korrikalari maratoi bat egiten. Bata korrika egiteko arropa eta zapatila onekin, korrika egiteko banda buruan duela, lau orduko markan helmugara iristen, neka-neka egina. Bestea ekipamendu berdinarekin baina hanka protesiko batekin, sei orduko markan helmugara iristen, nekatua eta mindua. Zer pentsatu duzu bi kirolari horiei buruz?

Biek meritu ederra dute, agian hanka bakarra duenak gehiago, nahiz eta bere marka hain ona ez izan. Seguruenik ez duzu pentsatu izanen: «bigarren kirolariak marka txarra egin du. Ahultasuna erakutsi du. Ez da gai izan bere mugei aurre egiteko. Nola da posible ez erreakzionatu izana eta ez gehiago saiatu izana?». Ez dut uste inork horrela pentsatuko lukeenik. Eta esanen banizueke pertsona horrek, errena izan beharrean, osasun mentalarekin arazo bat duela, eta maratoi bat izan beharrean eguneroko bizia dela? Pertsona horrek ere meritu asko duela pentsatuko zenuke? Edo agian beste pentsamendu negatiboak eta ez lagungarriak edukiko zenituzke?

Gaurkoan gaixotasun mentalei tarte bat egin nahiko nieke, askotan ikusezinak eta ez ulertuak baitira. Orokorrean, pentsatzen dugu arazo mentalak aukeratu egiten direla, eta nolabait gaixoak boterea duela hobeki sentitzeko. Zenbat aldiz entzun izan du antsietatea daukan pertsonak «lasai egon» eta depresioa duen pertsonak «alaitu, bizitza motza da»? Asko kostatzen zaigu arazo horiek dituzten pertsonak ulertzea eta beraiekin enpatia izatea. Hein batean normala da, arazo hauek pairatzen dituzten pertsonei ere kostatzen zaie ulertzea zer ari zaien pasatzen. Baina bestalde, askotan exijentzia handia daukagu pertsona horiekin: lanean jarraitu behar dute, aurpegi ona izan, eguneroko lanak eta aktibitateak egin, ez kexatu, eta abar luze bat. Oso onargarria da sukarraren ondorioz jaiegun bat hartzea, baina ez dugu hain erraz ulertzen antsietate atake batengatik etxean gelditzea. Ohartu behar dugu min ezkutuak existitzen direla, termometro edo odol analitikekin neurtu ezin direnak, eta askotan min hori pairatzen duten pertsonek ezin dutela ezer egin min horien kontra.

Arazo eta gaixotasun mentalak anitzak dira eta hainbat gradutako larritasuna dute, beste edozein gaixotasun edo min bezala. Batzuetan denboraldi batez gurekin egoten dira eta ez digute uzten gu izaten eta bizitza normala egiten, gripe luze bat bezala. Besteetan hor gelditzen dira eta agian min horrekin bizitzen ikasi beharra dugu, belauneko arazo kronikoak edukitzean bezala. Eta beste kasu batzuetan, larrienetan, heriotzara eraman dezakete, minbizia bezala. Gaixotasun eta min mentalentzako tratamenduak daude, beste gaixotasunentzako bezala. Diferentzia handiena da min mentalak onartzea beste min batzuk onartzea baino denbora gehiago daramala, bai pairatzen duenarentzat baita bere inguruko pertsonentzat ere. Beraz, ireki begiak eta belarriak, ikusi eta entzun zure ingurukoak, norbait minez egon liteke eta zure laguntza eta ulerpena behar lezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun