Lidergo feminista

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zabaleta Lasarte 2022ko ira. 17a, 11:00

Urteak daramazkigu salatzen lidergo lanpostuetan dagoen genero desoreka. Zenbakiak hor daude: emakume gutxiago gara botere eta soldata haundiko lanpostuetan. Nabaritu izanen duzu ez dudala esan ardura haundiko lanpostuetan, orokorrean zaintza lanak emakumeak egiten baititugu (irakasle, haurren zaintza, helduen zaintza, etab.) eta ardura handiko lanpostuak dira, nahiz eta gizarteak ez dituen behar bezala aintzat hartzen.

Horretaz gain, unibertsitate karrera gehienetan genero errepresentazio orekatua dago, baina ondoren, karrera profesionalean aurrera egin ahala, gero eta emakume gutxiago daude. Fenomeno horri ingelesez leaky pipeline (ihesak dituen hoditeria) deritzo. Artikulu honetan ez duk meloi hori ireki nahi, baina egoera hau muturrekoa da arraza gutxiengoentzat, LGBTQ+ kolektiboko pertsonentzat, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat eta beste hainbat gutxiengorentzat.

Nire arloan, ikerketa zientifikoan, lidergo postuak (unibertsitateko zuzendari, farmazeutika haundien lehendakari, etab.) gizonezkoek betetzen dituzte kasu gehienetan. Aurreiritziak eta gizartearen antolaketa dira arazo horren jatorri nagusia, baina gaurkoan beste traba bati buruz hitz egin nahiko nuke: lidergoaren prototipoa. Emakumeok gure karreran aurrera egin ahala eta postuak igotzen goazen heinean, gero eta errepresentazio gutxiago dugu, eta beraz, gero eta bakarrago gaude.

Bat-batean konturatzen gara lider izatera iristeko prototipo bat bete behar dugula: autoritarioak, pixka bat bihotz gabeak eta oso formalak izan, segurtasun haundiarekin jokatu eta hitz egin, iritzi oso gogorrak eta sendoak eduki, ez da dudarik, ahultasunik edo akatsik onartzen. Gizon liderren prototipoa bete beharra dugu gure lankideek eta langileek pentsatzeko lanpostu hori merezi dugula, eta aldi berean sorgin bat zarela pentsatzen dute. Gizonek jarrera hori hartzen dutenean lider ontzat ikusten ditugu. Beste jarrera bat hartzen baduzu (inklusiboa, denen iritzia kontuan hartuta, mentoretzan zentratua, onartuta ez zarela perfektua eta ez duzula beti arrazoi, jarrera erlaxatuagoarekin, inori tonu gogorrean hitz egin gabe, informalagoa eta hurbilagoa) ez zaituzte errespetatzen eta zailagoa da zure maila berean daudenek seriotzat hartzea, beraz, zailagoa da lanpostuetan gora igotzea eta itzalpeko lider bilakatzen zara. Orduan, ze aukera daude? Sorgin bihurtu edo zure izaera mantendu zure karreran aurrera egitearen kostuan? Edo posible al da lidergo eredua aldatzea? Posible al da lidergo feminista lortzea?

Egia esatea nahi baduzu, irakurle maitea, ez dakit zein den galdera horien erantzuna. Badakitena da gai honi buruz hausnartu eta eztabaidatu beharra dugula, kontzientzia sozialaren «aldatu beharren lista» luze horri ere gai hau gehitu behar zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun