Pandemia 6.000 kilometrotara

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zabaleta Lasarte 2021ko ira. 26a, 12:00

Covid-19aren pandemia ez da erreza izan inorentzat, bereziki gaixotasuna lehen pertsonan edo gertuko pertsonetan bizitu dutenentzat. Artikulu honetan pandemia atzerrian bizitu dugunen ikuspuntua partekatu nahi nuke. 2020eko martxoan, bat-batean, sorpresan, atzerrian lanean harrapatu gintuen itxialdiak, nire kasuan Estatu Batuetan. Zientzia-fikzio pelikula batean geundela zirudien baina hilabete gutxi batzuetan bukatuko zela pentsatu genuen. Urte eta erdi geroago hementxe segitzen dugu, Estatu Batuetatik mugitu gabe.

Arazo logistiko asko jasan behar izan ditugu eta oraindik jasaten ari gara gure ama-lurrera bisitan itzuli nahi dugunok. Hasiera batean hegaldi guziak bertan behera gelditu ziren, bidaia plan guziak alde batera, diru mordoa airelineatan bahitua. Ondoren, mugak itxi zituzten eta europarrak ezin ginen Estatu Batuetan sartu turista edo lan bisarekin. Beraz, herrialdetik ateraz gero ezin zinen itzuli, enbaxadara joan eta bisa eta itzultzeko baimena lortzen ez bazenuen. Enbaxada, berriz, itxia. Orain, gauzak aldatu dira, hegaldiak eta enbaxadan hitzorduak eskuragai daude baina ziurgabetasun asko dago oraindik: bidaiatzeko errekerimenduak (PCR testa, QR codea, bisa, itxialdiak, koarentenak) egun batetik bestera alda daitezke.

Okerrena, noski, arlo pertsonalean bizitu dugu. Hasteko, aurrekaririk gabeko egoera batean geunden, jakin gabe hurrengo egunean zer gertatuko zen, eta beste kultura batean murgilduta. Gu bezala immigranteak ziren lagun gehienek ospa egin zuten beraien herrialdeetara, ez baitzitzaien axola lana galtzea. Edozein arazo suertatuz gero, adibidez, familiako kide bat gaixotu eta larri egonez gero, ezin ginen azkar edo erraz bueltatu etxera. Oso estresagarria izan da, isolatuta eta lekuz kanpo sentitzen zara, aterperik gabe. Hala eta guztiz ere, dena ez da txarra izan. Kontutan eduki beharra dugu etorkin pribilegiatuak garela, nahi dugulako gaude hemen eta behar izanez gero etxera itzul gaitezke dena utzita. Ziurgabetasun egoera honetan zure egoera berdinean dauden pertsonekin erlazioak asko sakontzen dira, beraiek baitira zu ulertzen zaituzten bakarrak. Lagunak familia bihurtu dira. Horrez gain, konturatzen zara uste baino indartsuagoa zarela eta egoera zailei aurre egiteko gai zarela. Azkenik, perspektiba global eta zabalagoa lortzen duzu, lehentasunak argi ikusten dituzu. Hainbeste maite ditugun familia, lagunak, kultura, herria, bizimodua eta osasuna dira garrantzitsuak. Musukoa eramatea, ezin izatea tabernara edo kafetegira joan edo distantzia soziala mantentzea ez zaizkigu hain gogor egin perspektiba horri esker.

Dena dela, gauzek beste kolore bat hartzen dute hegaldiak eskuratzen dituzunean, paper guziak prestatuta daudenean eta bidaiatzeko eguna gerturatzen doan heinean. Azken finean, itxaroteak merezi izan du!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun