Zure hurrengo galderak honakoa izan beharko luke: zientzialariaren estereotipoa errealitatearen isla al da? Edo alderantziz, estereotipo horrek gure aukerak determinatzen al ditu, ondorioz zientzian aniztasuna murriztuz? Hala, gazteek ez dutenez ikusten errepresentaziorik zientzi lanbideetan ez dute karrera hori hautatzen, eta ondorioz, zientzialari gehienek estereotipoa betetzen dute. Zirkulu bizioso bat bilakatzen da.
Generoaren adibideak ederki islatzen du fenomeno hau. Matilda efektua emakume zientzialarien lorpenak aitortzearen kontrako joera da eta XIX. mendeko emakumeen eskubideen aktibista Matilda Joslyn Gagegatik deitzen da horrela. Historian zehar egin diren aurkikuntza garrantzitsu askotan emakumeek parte hartu dute baina ez dute aitorpenik izan, eta beraz, zientziako 'izen handi' guztiak gizonezkoak dira. Ondorioz, komunikabideetan, eskoletan eta liburuetan gizonezko zientzialariak bakarrik agertzen dira, eta gure subkontzienteetan pentsatzen dugu ezingo garela zientzialari arrakastatsuak izan emakumezkoa izanda.
«Matilda efektua emakume zientzialarien lorpenak aitortzearen kontrako joera da»
Matilda efektuaren jatorria konplexua da eta gure gizarteko genero diferentziaren arazoaren isla da. Emakumeek barrera asko aurkitzen ditugu zientzia karreran aurrera egiteko eta postu altuetara iristeko, eta ondorioz itzalpean gelditzen gara. Barrera horiek bitan sailkatzen dira: kanpokoak eta barrukoak. Kanpoko barrerak ezagunak ditugu: soldata diferentzia, gizonezkoen iritziari garrantzi gehiago ematea, emakumeen autoritatea ez onartzea, eta abar luze bat. Barruko barrerak ez dira hain erraz antzematen eta gure heziketan dute jatorria. Emakumeek pertsonalitate konkretu bat eduki behar dugula irakatsi digute: atseginak, umilak, ahots tonu baxuan hitz egin beharra dugu, gure ingurukoez arduratu beharrak gara. Pena da talentu handiko emakumeak itzaletan gelditzen ikustea gizarteak erakutsi dielako beraiek ez luketela borrokatu behar karrera arrakastatsu bat izateko.
Bada garaia honi buelta emateko eta horretarako mezu bat zabaldu behar dugu: TALENTUAK EZ DU GENERORIK!