Aho-handien urrezko minutua

Jendea itxialdian; mediku, zientzialari eta adituak ahal bezala lanean; eta aho-handiak sare sozialetan suelto, urrezko minutuaren bila, beldurraren hazia lau haizeetara zabalduz. Egoera honetan, koronabirusaren gaia besterik ez dugu entzuten edota irakurtzen: berriak, bideo biralak, memeak eta teoria konspiratzaileak. Eta, ondorioz, askok jada sortua dugu gertatzen ari denaren inguruko iritzia; baina, pentsatu al dugu inoiz iritzi hori nondik datorren? Informazio iturri dagarrietatik edo, aitzitik, norbaitek gertaera, kasualitate eta argumentu ahuletatik atera dituen konklusioetatik?

COVID-19a mundu guztian zehar zabaltzen hasi zenetik familia eta lagunek bidali dizkidaten bideoetako informazio asko gezurtatu ahal izan dut. Esate baterako, duela aste batzuk, sare sozialetan zabaldutako bideo batean, Harvard Unibertsitateko irakasle baten atxiloketaren inguruko berri bat ematen zuten ingelesez, eta bideoa argitaratu zuen aho-handiaren komentarioak zioen atxiloketaren arrazoia koronabirusa sortu eta Txinara bidaltzea izan zela. Non nire sorpresa: jatorrizko bideoan ez zen koronabirusa behin ere aipatzen! Bideo hori ikusten baduzu, ingelesez ez badakizu eta komentario hori irakurtzen baduzu, zer pentsatuko duzu? Pertsona hori ez dela aho-handi bat, ongi infor- matu dela bideoa zabaldu aurretik eta argitalpena ez dela morboak motibatutako zerbait. Aitzitik, kasu honetan betiere, gezurrak, argudio barregarriak eta konklusio erradikalak besterik ez dira.

«Biokimikari eta aditu bezala ziurtatzen dizuet ez dagoela adituen artean pertsona bakar bat ere gorrotoa, beldurra eta desinformazioa zabaldu nahi duenik»

Biokimikari eta aditu bezala ziurtatzen dizuet ez dagoela adituen artean pertsona bakar bat ere gorrotoa, beldurra eta desinformazioa zabaldu nahi duenik. Alderantziz; osasungintzan eta ikerketan lan egiten dugun profesionalok indarrak bateratu ditugu krisi hau ahalik eta azkarren konpontzearren. Halere, aitortu behar dut, badudala halako arantza txiki bat: agian, egoera honetan, ez gara gai izan errealitatea zein den behar bezala komunikatzeko; akaso, gure errua ere izan daiteke beldurtuta dagoen gizartea ongi informatu ez izana; eta ondorioz, ziurrenik, aho-handiek bidea libre ikusi dute nahi dutena esateko.

«Egin kasu adituei eta laguntzeko intentzioa duten argudioei»

Bukatzeko, hausnarketa bat, gomendio bat eta mezu bat eman nahiko nituzke. Hausnarketa: egoera honetan ideiak argi edukitzeak erakutsi dit oso garrantzitsua dela krisialdietan adituei ahotsa ematea eta ez sinistea edozeinek esaten duena. Gomendioa: egin kasu adituei eta laguntzeko intentzioa duten argudioei, eta pentsatu gehienetan azalpen sinpleena izaten dela egia. Mezua aho-handiei: hain adituak kontsideratzen baldin bazarete, utzi gezurrak eta gorrotoa ereiteari eta erabili zuen urrezko minutua egiaren hazia zabaltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun