Inor ez da ilegala

Ekainaren 9an Europako Parlamentuko hauteskundeak izan dira. Eskuin muturraren hazkundea nabarmena izan da.

Italian eta Hungarian sendotasunez gobernatzen dute; Estatu Frantsesean, Alemanian eta Herbehereetan, berriz, eskuin muturra bi indar politiko nagusien artean dago, eta datozen urteetan Europako zutabe diren nazioen barrenean ordezkaritza hegemonikoak izateko aukera dute. Gainontzeko estatuetan ere indarra hartzen ari dira. Ipar Euskal Herrian ere, eskuin muturreko Bilgune Nazionala alderdiak irabazi ditu hauteskundeak.

Arrazoiak anitz izanen dira, baina immigrazioaren aurkako sentimendua, sentimendu nazionalista kapitalizatu duen ultraeskuineko banderetako bat izan da. Migrazioari buruzko diskurtsoek, anitzetan xenofoboak eta arrazistak, hautesleen sektoreetan sartzea lortu dute, eta hauteskunde-motibazio bihurtu dira.

Europako hainbat herrialdek migrazioaren aurkako neurriak hartu dituzte. Italiako Gobernuak, adibidez, immigrazio irregularraren aurkako neurri berriak onartu ditu, egonaldi eta aberriratze zentro berriak eraikitzeko asmoarekin. Alemaniako Parlamentuaren kasuan, asiloeskatzaileen deportazioak arintzea ahalbidetzen duen lege proiektua onartu du, prozesua sinplifikatu eta arauak gogortuz. Gaur egun, atzerritarrak atxikitzeko zazpi zentro daude Espainiar Estatuan. Horiek instalazio publikoak dira, eta egoera irregularrean dauden atzerritarrak atxikitzen dira, kanporatzea errazteko.

Arazoa migrazio politikak dira. Izugarrizko injustizia da. Garai batean kolonizatu eta okupatu ditugun hainbat herrialde ustiatu eta gero, handik etortzen den jendeari Europan sartzea ukatzen diogu. Erabaki egiten da nori utziko zaion leku batetik bertzera pasatzen. Pareta ikusezinak daude. Euskal Herrian eta Bidasoaldean ere pareta horiek egunero ikusten ditugu. Europako etorkizuna kultura anitzetakoa izanen da, eta giza eskubideen errespetua eta pertsonen zirkulazio askea aldarrikatu, eta trantsituan dauden pertsonei elkartasuna adieraztea beharrezkoa da, elkartasunari mugak ezin baitzaizkio paratu. Paretak puskatu eta sareak eraiki behar ditugu Euskal Herria harrera herria bihurtuz, eta eskuin muturrari eta faxismoari aurre egin behar diogu, inor ez dela ilegala aldarrikatuz eta lau haizetara zabalduz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun