Palestinar gatazkaren jatorria XIX. mende bukaeran kokatzen da. Theodor Herzl kazetariak Estatu judu bat sortzearen ideia plazaratu zuen, 1947. urtean bete zena Nazio Batuek Palestina bi estatutan, arabiarra eta judutarra, banatzearen alde bozkatu zutenean.
Horrela, Nazio Batuek ez zuten herrialdeko biztanleriaren jatorria kontuan hartu, eta lurraldearen % 55 estatu juduari eman zioten, nahiz eta biztanleriaren gehiengoa arabiarra izan (musulmanak eta kristauak) eta biztanleria judua lurraren % 6 izatera ailegatu ez. Bi taldeek uko egin zioten proposamenari; juduek populazio arabiarrik gabeko lurralde gehiago nahi zutelako eta arabiarrek, berriz, lurra desarabiartu nahi zuen komunitate kolonizatzaile batekin banatzeko prest ez zeudelako.
Azkenik, 1948. urtean Israelgo Estatua sortzeak lurraldearen eraldaketa bortitza eta palestinar biztanleriaren erdia baino gehiago kanporatzea ekarri zuen. Azken horren gehiengoa errefuxiatu bihurtu zen.
Orduz geroztik, gizarte palestinarra hiru taldetan banatuta egon da: herrialde arabiar mugakideetara edo bertze leku batzuetara kanporatuak izan zirenak; sortu berria zen Israelgo Estatuan gelditu zirenak (errefuxiatutzat hartzen ez zena); eta Palestina historikotik gelditzen zen Zisjordania, Gaza eta Jerusalemera joan zirenak.
Emakume zein gizon palestinarrek hamarkadak daramatzate okupazio sionistak eragindako bortizkeria jasaten; haien etxeetatik indarrez kanporatuak eta lekualdatzera behartuak, haien hiri zein herriak suntsituak; espetxeratuak, torturatuak, bortxatuak, erailak... izanez.
Azken aste hauetan, Euskal Herrian, Palestinar herriaren aldeko hainbat elkartasun adierazpen egin dira; Donostian, Baionan, Iruñean, Bilbon manifestazioak, Euskal presoen baraualdia, hainbat herritan elkarretaratzeak…
Idatzi honen bidez, Palestinar herriari elkartasuna adierazi eta jendartea mobilizazioetan parte hartzera animatu nahiko nuke. Gelditu dezagun Gazako sarraskia! Palestina aitzinerat!