1923an, Alfontso XIII.aren monarkiaren laguntzarekin, Estatu espainiarrean Primo de Riveraren diktadura ezarri zen, honek, erakunde anarkista, errepublikano eta komunisten erbestea eta jazarpena eragin zituen. 1924ko azaroaren 6ko iluntzean, 40 lagun inguru atera ziren Donibane Lohizunetik, iraultzarako deia eginez. Muga zeharkatu eta Berara ailegatu ziren arratsean. Miguel Berasain aguazilak ikusi eta Guardia Zibilaren kuartelera deitu zuen, kontrabandistak zirelakoan. Segidan, bi guardia zibil kuarteletik abiatu eta Argaitz harrobian aurkitu zuten taldea.
-¡Alto la Guardia Civil!
-¡Compañero! ¡Somos nosotros! ¡Los de Francia! ¡Los que esperabais!
-¡Alto! –erran zuen guardia zibilak.
-¡Somos nosotros! ¡Los de San Juan de Luz! ¡Muera Primo de Rivera! ¡Viva la República!
Guardia Zibilak bi tirorekin erantzun zuen, eta, balen trukea hasi zen. Ondorioz, bi guardia zibilak hil ziren. Hortik aitzinera, nahasmen handia sortu zen taldean. Bertako eta inguruko ordena publikoko indarrak –Guardia Zibila, karabineroak...– antolatu eta errepresioa eta atxiloketak hasi ziren. Bi guardia zibilez gain, talde iraultzaileko lau kide hil ziren eta 27 zauritu. Bertzeek Iparraldera ailegatzea lortu zuten.
Azaroaren 9an, guardia zibilen hileta elizkizunak ospatu ziren, Nafarroako agintari gorenak bertan zirela. Ekitaldi bukaeran, Nafarroako gobernadore zibilak hitzaldi patriotikoa eman zuen.
Justizia Militarrak bere gain hartu zuen kasua, auzipetu gisa lau kide zeuden: Pablo Martín Sánchez, 25 urte, Barakaldoko (Bizkaia) ezkongabea; Enrique Gil Galaz (datu ezagunik gabe); José Antonio Vázquez Bouzas, 29 urte, Arroilakoa (Lugo) eta Julián Santillán Rodríguez, Quintanilla de la Matakoa (Burgos), guardia zibil ohia. Epaiak azaroaren 14an Iruñean egindako Gerra Kontseiluaren zigorra ezeztatu zuen eta Martín Sánchez, Gil Galaz eta Santillán Rodríguez heriotza zigorrera eta hildako guardia zibilen familia bakoitzari 5.000 pezeta ordaintzera kondenatu zituzten. Vázquez Bouza absolbitua izan zen eta epaile militarraren esku gelditu zen. Abenduaren 6an, goizaldean, hiru presoak fusilatzeko patiora eraman zituzten. Bidean, Martín Sánchezek ihes egitea lortu, harresitik salto egin eta segidan hil zen, odol putzu batez inguraturik. Aipatzekoa da Primo de Riveraren diktadurak gertakariaren nondik norakoak handiagotu eta bere erregimena indartzeko erabili zituela.
Gure herrian gertaera historiko garrantzitsuak izan dira eta transmisioaren garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Memoria Historikoak gure gizartean duen garrantziaz jabetu behar dugu eta gure ondorengoei azaldu eta gizartean interesa piztu.
Gaizki erranak barkatu eta ongi erranak gogoan hartu