Alde batetik, prostituzioa legeztatzearen aldeko ideia dago. Prostituzio baimenduaz ari gara, eta hori da, hain zuzen ere, prostitutaren baimena eta erabaki autonomoa eta pertsonala jarduera horretan aritzeko. Inork ez luke eskubiderik izanen bere gorputza «erabiltzeko» libreki erabakitzen duen pertsona bat estigmatizatzeko, debekatzeko edo zigortzeko. Ondorioz, prostituzioa lan-jarduera libre eta baimendua denez, gainerako guztiak bezala arautu beharko litzateke.
Bertzetik, abolizioaren aldeko ideia dugu. Planteatzen den legegintza-neurri orok prostituzioarekin amaitzea izan behar duela helburu defendatzen du. Prostituzioa esklabotza modernoa dela dio –hortik datorkio abolizionista izena–, eta, ondorioz, hura desagerraraztearen alde baino ezin da borrokatu. Era berean, «erabaki askearen» argudioa arbuiatzen du, uste baitu, kasu gehienetan, prostituzioaren jarduera beharrak eragiten duela, norberaren gorputzaren gaineko balizko askatasun pertsonalak baina gehiago.
Nik ez dakit zein den jarrera egokiena baina argi dut gizasemeen ardura handia dela. Pauso bat aitzinerat eman behar dute, ahotsa altxatu eta sexualitatearen ideia 'harrapakariaren' kontra egin eta berdinen arteko sexualitate askea aldarrikatu beharko lukete. Nik argi dut, puterorik gabe ez legoke putarik.