Ipuinaren izenburua “Non dago Eguzkilorea?” da eta Planetarioko kupularako Ikusentzunezko produkzioa (irudi digitaleko fulldome sistema) izanen da. Pelikularen gidoia eskuaraz propio sortu da eta etxeko txikientzat pentsatuta dago; era berean, datorren ikasturte hasieran Izar-eskolan ikusi ahalko dugu, planetarioko hezkuntza-programaren baitan. Marrazki bizidunez egindako ipuinean Eguzkilore bat galdu da Baztanen, eta bilaketa horretan, izarrak, ilargia eta konstelazioak ezagutzeko parada izanen dugu euskal mitologiako pertsonaia batzuekin batera.
Etxeko ahotsak
Pasa berri den asteazkenean marrazki bizidunen ahotsak grabatu ditugu, eta horretarako etxeko ahots ezagunen partaidetza eduki dugu. Xorroxin Irratiko Fernando Anbustegi eta Nerea Altzuri, Kaskezur taldeko Ion Mindegia, EITBko Marijo Garmendia eta azkenik, Elizondoko Abesbatza Txikiko haurrak, Maki eta Kristina Urtasun ahizpen gidaritzapean: Enaitz Goñi, Eneko Iribarren, Onintza Gorosabel, Urko Jubera, Mikele Jubera, Iraide Iturregi, Irati Viguria, Olaia Urrutia, Maialen Migeltorena, Naxara Aleman, Izaro Dendarieta, Paula Gonzalez, Alba Azcarraga eta Joanes Altxu. Gainera, pelikula Baztanen girotuta egonen denez, planetarioko produkzio taldea bailaran izan da lokalizazioak bilatzen; Baztan Ikastolan, Erlategiko Iturrian, Legateko basoetan, Istarbey landetxean eta Elizondoko Muniartea zubian barna ibili dira, bertzeak bertze.
Norena da Eguzkilorea? Non dago Eguzkilorea? Erantzuna datorren udazkenean izanen duzue. Beheitian ikusgai, Mikel Biguria eta Kandi Fernandezen estudioan egindako ahotsen grabaketako une batzuk eta pelikularen aurrerapen bideoa