Inoiz ez da berandu

Nerbiostu samar dago, eta hitzartutako ordua baino hamar minutu lehenago agertu da Axun, badaezpada; ez du berandu ailegatu nahi lehenbiziko egunean.

Kanpoko bankuan jarri eta ingurura begiratu du; bere antzera dagoen norbait ikusi du karpeta eskuan; bera baino zaharxeagoa ematen du. Jubilatua izanen da, segur aski. Handik gutira, bertze norbait hurbildu da: hura arrunt gaztea. Hondarrean, ttanttaka-ttanttaka, zazpi lagun elkartu dira.

Puntuan, hitzordura deitu dituen pertsona agertu da pauso azkarrean, irribarretsu. Atea ireki du, eta bertzeen gibeletik abiatu da Axun barrenerat. Mahai bat aukeratu eta hantxe jarri da, koaderno berria eta boligrafoa prest. Beren burua aurkeztu dute lehenbizi: bata Venezuelan sortutako lesakarra, bigarrena Argentinatik aurten Berarat etorria, bertzea Arantzarat ezkondutako ama gaztea... Eta Axun, aurten jubilatutako emakume beratar gogotsua.

Hala, giro goxoan murgilduta eta pixka bat lasaiago, poza sentitu du, izan ere, adinean goiti joanagatik, euskaltegian izena eman eta euskara ikasteko pausoa ematera animatu da, azkenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun