Adi

Leihotik sartzen diren eguzki printzen azpian dago etzanda, luze-luze eginda, goxo. Sagarra jaten sumatu nauenean, begiak ireki ditu, eta, jaiki gabe, lepoa luzatu du ea aditutakoa egia den hobeki ikusteko. Bai, sagarra da, eta badaki bukatzen dudanean berari emanen diodala bihotza. Hortaz, poliki-poliki buelta eman eta aitzineko zangoak luzatu ditu, ipurdia eta buztana ahalik eta gehien altxatu bitartean, yoga eginen balu bezala.

Gero, gorputz osoari astinaldi ederra eman dio ezker-eskuin hiruzpalau aldiz, eta bere ile fin xuri-beltzak nonahi sakabanatu ditu. Gibeleko zangoetako bat erdi lokartua duenez, mainguka etorri da niregana, eta hortxe jarri da esperoan, adi, frutari begira.

Burura etorri zait, orduan, etxekook tontakeriak irakatsi dizkiogun bitartean (eseri, etzin, xutik, txiribuelta...), berak zenbat irakaspen baliotsu eman dizkigun. Sagarrarekin bezala: guk horren bihotza baino ez diegu ematen, baina beraiek oso-osorik eskaintzen digute beraiena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun