Udazkeneko sekretuak

Ai, onddoak! Udazkenak oparitzen dituen loreetan, segur aski, preziatuenak.

Zenbat plazer ekartzen dizkiguten: lehenbizikoa, basora bila joatea. Ondotik, kitzikagarriena; baten bat aurkitzea (eta, ahal bada, saskia betetzea). Eta azken gozamena, nola ez, harrapatutakoa jatea; ze onak! Baina laugarren plazer ezkutu bat ere ematen digu Fungi erreinuak, jan aitzinetik egin beharrekoa: aurkikuntza lau haizetara zabaldu; harropuztu, alegia. Izan ere, nork ez du inoiz bere harrapaketaren emaitzak harroki mugikorraren kamerarekin enfokatu, klik egin eta lagunei bidali? 

«Laugarren plazer ezkutu bat ere ematen digu onddoak»

Iduritzen zait, aipatutako plazeren zerrendan, gero eta garrantzi handiagoa duela argazkiaren difusioak, eta, batzuetan, zalantzak izaten ditut: ailegatzen zaizkigun lagun eta ezagunen bilketaren frogak egiazkoak ote dira? Edo baten batek deus aurkitu ez, eta bertze urte batzuetako argazkiak berrerabiliko ditu? Hori, onddo-lekuen antzera, sekretua da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun