Istorio horixe kontatzen dute Lascaux II leize-erreplikako bisita gidatuetan, halaxe aurkitu baitzituen Marcel Ravidat gazteak duela 20.000 urteko labar-pinturak. 1940ko udan izan zen hori, Okzitaniako Montignac herrian, eta, egun, munduko ondaretzat ditu UNESCOk margolan haiek.
Orain dela guti faksimilea ikusteko parada izan nuen, eta, egia erran, bertako irudiek adina txunditu ninduen aurkikuntzaren pasadizoak. Izan ere, diru, urre, bitxi edo halakoak datozkigu gogora altxorretan pentsatzen dugularik, baina horma zahar haietako pintura xumeek hutsaren hurrengo bihurtzen dute edozein eltze-urre preziatu.