Hau irakurri orduko, irailean sartuak izanen gara; eta beraz, urte berri on guztioi! Nahi dituzuen ñabardurekin, baina urte berri on. Irakaskuntzan urte luzez igaro ondoren eta irakasleok, guraso askok, eta oro har, guztiok dakigun moduan, iraila da urteko inflexio puntu garrantzitsua. Beste ikasturte bat hasi eta «normaltasunera» (eta normatibara) itzultzen gara. Bukatu da lasaikeria eta bukatu da uda. Eta, a ze nolako uda!
Munduko futbol txapelketarekin hasi ginen eta denetarik ikusi eta entzun dugu: «ni ez naiz oso futbolzalea baina», «ni euskal selekzioaren alde nago baina», «batzuek politika eta kirola nahasten saiatzen dira baina»… Estatistikan Likert eskala batek zenbakizko balioak esleitzen dizkie pertsonen iritziei, gai bati buruzko ñabardurak azaleratuz. Galdera baten aurrean gogobetetze maila adierazteko, oso pozik ez, pozik ez, neutral, pozik, edo oso pozik erabiltzen dira. Ñabardurak nabarmenak dira, baina nire kasuan motz gelditzen zait oso pozik ez aukera mundialaren inguruan sentitu dudan asperdura, harridura eta sinesgaiztasuna adierazteko. Non eta Ameriketako Estatu Batuetan! Nor eta Trump dantzan ikusi beharra! Txintxin, txin-txin, diruaren hotsa...
Eklipsea ere aipatu beharra, nola ez. Nahiz eta gure etxeko terrazatik totala ikusteko aukerarik ez genuen izan, ez dut nik ukatuko ederra izan zenik, baina…
Ceuta dugu egunotan medio guztietan pil-pilean. Gai potoloa bai, baina… Inbasioa? Kolonialismoaren ondorioa? Margarita Robles Espainiako Barne ministroak dio Ceuta eta Melilla ukitu ezinezkoak eta oso espainolak direla. Bai, baina… Marokoko Mohamed VI.a erabat ados, ados, neutral, desados edo erabat desados ote? Europar Batasuna eta Marokoren artean negoziatzen ariko diren milaka adin txikikoren geroa versus zer? Versus zenbat diru?
La Razón egunkariaren arabera, atzerriko aberatsak sendotzen ari dira luxuzko etxebizitzen merkatuan eta 130.000 transakzio egin ziren 2025. urtean soilik.
Bestalde, Espainiako Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren erregistro ofizialaren arabera (2026ko ekaina), 353.009 ukraniar daude Espainian erresidentzia edo behinbehineko babesari buruzko dokumentazioarekin indarrean.
Horiek ez dira «inbasio» kopuruetan sartzen. Badira dezente batzuk baina… Gu ez gara arrazistak baina… Aporofobia, pobre edo baliabiderik gabeko pertsonekiko beldurra, gorrotoa edo arbuioa da. Ba horixe. Pau Donés abeslari zenak zioen bezala: «Zelan dela? Nola begiratzen den, horren araberakoa da dena».