N… Netanyahu

Erabiltzailearen aurpegia Mixel Gereka Zelaia 2026ko martxoaren 1a

Azken denboraldian egunkarietako azaletatik nahiko desagertuta baldin badabil ere, Netanyahuk eragindako sarraskiak, zoritxarrez, pil-pilean dirau.

Palestinako Gazan eraildako milakoak, lotsagarri eta beldurgarri metatuz doaz. Gezur hutsa den Bake Trumpakordioak itsu utzi gaitu eta eguneroko hil kontaketa makabroak ez du etenik. Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera (2025eko abendukoak) 80.000tik gora dira eraildako palestinarrak, horietatik 20.179 umeak; eta jakin badakigu, datu horiek biharko zaharkituak izanen direla. Netanyahu eta sionismoaren konplizeentzat, zifra hotzak besterik ez dira.

NN, Nome Nescio latinezko esamoldea, izenik gabeko edo ezezaguna den pertsona bat izendatzeko erabiltzen dena. Espainiako eta Argentinako diktaduren sarraskietan desagertutakoekin, Hego Afrikako apartheideko izugarrikerian edo itsasoak irentsitako pateretako agiririk gabeko hilotzekin gordintasunez erabiltzen dena. No Name ingelesez eta Ningún Nombre espainieraz.

Netanyahu, zure izena bai NNa, (eta ez nome nescio): nazkagarria eta negargarria.

Zure aginduz eraildakoek baina, zuretzat inor ez diren horiek, izenak dituzte. Baziren eta badira. Gureak ere badira. Malkotan bat gara.

Washington Post egunkariak Israelek eraildako 18.500 umeen izenak argitaratu zituen 2025eko irailean eta Bilbon azaroan 20.000 umeen izenak irakurri zituzten, ozenki, 13 orduz etengabe. Ttipi-Ttapa aldizkari oso batzuk beharko genituen haziz doan zerrenda beldurgarri eta sinesgaitza argitaratzeko, baina hona hemen izen batzuk. Duintasuna. Ekarpen txiki bat omenaldi xume gisa. Dardara: Amro al-Attar, 3 urterekin eraila, Kinda Wahdan, 2 urte, Hadeel Matar, 10 urte, Yahya al Nahhal, 16 urte, Ahmen al Zaazou, 4 urte, Yamen Hamad, 15 urte, Ayloul Qaud, 7 urte. Ayloul «nire bizitzan ikusi dudan haurrik ederrena izan zen, barrutik nahiz kanpotik», esan zuen izeba Hiba Muqdadek. «Kalean ibilita, berak ez luke ezer erosiko, kaleko beste ume batzuk jateko gai ez direla jakinda». Tahani Hafiz Barbakh, 3 urte, Hamza Abu Zuhair, urte 1, Mahmoud Abu Salmiya, 6 urte, Ibrahim al Maqousi, 12 urte, Mohammed Salah, 5 urte, Malik Abu Nasira, 9 urte, Iman Shaheen, 2 urte, Yousef Hamdam, 6 urte, Muath Abu al-Jedian, 3 urte, Mahmoud Abdel Ghafour, 14 urte. Etxeko txikiena, amaren seme kuttuna zen. Futbolean aritzea eta shawarma jatea maite zuen, gogoratu zuen bere arreba Miryamek. Zaid Abu Shakyan, 12 urte, Aseel Ghabain, 2 urte, Sara Qandil, 3 urte, Samir Tamraz, bere lehen urtebetetzea baino lehenago eraila. Sannd Abu al-Shaer, Sanndek 70 egun besterik ez zituen hegazkin eraso batek bera eta Abdul eta Tariq, 8 eta 5 urtetako anaiak hil zituenean. Misk Awad, 3 urte, Ayat Abu Daher, 5 urte, Saad Mushtaha, 11 urte, Nasser al Ghazali, 4 urte, Ibrahim Ishaq Abed, urte 1, Jihad Jarghoun, 3 urte, Joud Krera, 6 urte, Ikhlas Udwan, 2 urte, Saba Zarab, 8 urte, Ahmed al- Sarhi, 4 urte, Tala Abu Ajwa, 10 urte...

Zirrara, egonezina, itoaldia ematen du zerrenda luzeak; eta inpotentzia, gizalotsa, amorru handia eta negargura.  20.000tik gora izen dira eta gehituz doa egunetik egunera: bonbaz, misilez, hegazkin erasoz, gosez, hotzez eta sionismoaren eta bere babesleen indiferentziaz erailak.

Izenak duena izana du.

Netanyahu: ustel zaitez infernutan, deabru nazkagarri eta genozida halako hori!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun