Barrualdeari eta Mari tiraka, matrioshka handiena ireki eta Migrazioa agertu da horren barruan. Euskaldunok ongi baino hobeto dakigu zer den migratzea, zer den esku hutsik eta bihotza uzkurturik itsasoratzea, baina, bere gordintasun osoa kontuan izanda ere, zoriona ere izan zuten salto hori ematea erabaki zuten gure herritarrek: ez zuten paterarik ezagutu.
Aurten egunkarietan argitaraturiko berri baten arabera, 10.457 gizaki hil dira itsasoan, 2024.urtean Espainiarako bidean. 30 egunero, horietatik 421 emakume eta 1.538 ume edo nerabeak (Caminando fronteras GKEren datuak), 28 herrialdetan sortuak. Delitu bakarra: norbere herria utzita bizi hobeagoren bila abiatzea. Eta ez da deus pasatzen hemen. Kezkarik ez. Hitz potoloak. Migrazio ordenatua eta gure nahiera erregulatua omen da behar duguna. Errudunik ez. Malko isuria Burundi, Burkina Faso, Kamerun, Boli Kosta, Gabon, edo Gambian gelditzen da. Hemen estatistika hutsa bihurturiko zenbaki hotz eta lehorrak, ezta erruki malkorik ere ez.
Hurrengo matrioshka ireki eta MUSK agertu zait. Migrazioen Mapako Mertzenarioen Makineriaz lanean. Deportazioak, kanporaketak, atsekabea eta horma handiagoak. Batzuen zorigaitza, besteen aberastasuna. Musk, AEBetako ilegorriaren ondoko MOKORDO baboa. Gaur egungo Midas erregea. K.a. VIII. mendeko Midasek ukitzen zuen guztia urrea bihurtzeko MADARIKAZIOA zuen. Miraria baina, Muskek urrea beretzat gorde eta ukitzen duen guztia kakanahasten du, eta ez bakarrik bere erreinuan, MUNDU osoan baizik, gure goragalea eraginez.
Matrioshkaz matrioshka, batetik bestea sortuz, MESTIZAJEA dator. Wikipediaren arabera, «mestizajea hainbat etniaren arteko topaketa biologiko eta kulturala da, edo haien antolamendua, non etnia horiek nahastu egiten diren, familia espezie berriak eta genotipo berriak sortuz». Batzuentzat deserosotasuna dakarren terminoa. Nahasketa versus peto-peto izatea (ITVak?). Gure kultura, gure hizkuntza, gure balioak, gure antolaketa, versus kulturak, hizkuntzak, balioak eta antolaketak.
MEMORIA norberaren matrioshkaren barrenean, pertsonala gehi kolektiboa, herri memoria.
MARKAKETA: Euskal Herria mestizoa izango da, edo ez da inolaz izango.
Eta Mz M, iritsi gara irekitzen ez den azken matrioshka txikienera. Nork nahi du irekitzea azken MELOIA?