Laratzari, baina, bertan zintzilikatuko lapikoak ematen dio zentzua eta gaurkoan L hizkiaz osaturiko lehengaiak ditut bertan, mantso-mantso egosten: LEHENENGO. Hitz hau entzun eta Trump datorkit gogora, berak hainbestetan erabili ohi duen America first (Amerika lehenengo) leloa ekarriz. Eta lelotarako, bera bai benetako leloa, lizunkeria eta lardaskerietan eroso eta libre mugitzen den elementua. Aurki AEBetako lehendakari izendatuko duten LOLAILOA, alegia (wiktionary.org), «erasokor, gaizki hezita, zakar, iraingarri, delituzko ekintzak erabiliz jokatzen duen edo beste moduren batean atentzioa ematen saiatzen den pertsona». Definizio paregabea presidenteen arteko lili kaskagorriarentzat.
LOGIKOA, «argudiatzeko era zuzenaren araberakoa» ez da ez AEBetan ezta munduko beste hainbat tokitan gertatzen ari den erokeria guztia ere, baina badirudi gizadia lozorro edo loaldi permanente batean murgildurik gaudela, informazio saturazio baten azpian itoak, erreakzionatzeko denborarik gabe, berri batek aurreko berriaren lekua abiaduraz zapalduz, eta azkenean, zaharrak berri.
Bitartean, e pur si muove (eta, halere, mugitzen da), Galileo Galileik 1633. urtean Inkisizioaren tribunalaren aurrean esan zuen bezala, lurrak eguzkiari birak ematen jarraitzen du, eta Eguberriek hartu dute LEKUKOA aspalditxo, urtetik urtera lehenago, eta urtetik urtera LED argitxo gehiagoz. Hau da orain modako LEHIA. Nork lehenago, nork gehiago eta nork handiagoa. Led argitxoek gorago aipaturiko gure loaldia suspertzen dute, eta argien LILURAK Eguberri mezua hedatu eta atxiki: atzendu, atzendu, atzendu, erosi, erosi, erosi, atzendu eta erosi, kontsumoa baita Eguberrietako lilia.
Nik ariketatxo bat proposatzen dizuet Eguberri aurreko egun hauetarako. Denbora tartetxo bat hartu zuretzat, bakarrik edo maite duzun horrekin (eta ez atzendu, beti, zaindu maite duzun hori), gustuko duzun etxeko txoko horretan goxo, aukeran lurreko sua piztu edo bestela kandelatxo batzuekin elegante, musika jarri eta, atzendu, atzendu, atzendu… lozorrotik esnatu eta entzun, entzun, entzun:
Lili bat hartu
eta hostoz hosto
erantzi
eta harek zu ere amets
eta harek zu ere erantzi
eta hostoz hosto, hartu lili bat
eta hostoz hosto
hartu lili bat
eta harek zu ere amets
eta harek zu ere erantzi (Mikel Laboa).