J... Jota josten

Erabiltzailearen aurpegia Mixel Gereka Zelaia 2023ko urr. 29a, 09:30

Jota da alfabetoko bederatzigarren letra (C beste hizkuntza bateko maileguentzat soilik erabili ohi baitugu euskaraz) eta hor jarraituko dut aspaldi Arekin hasitako bidea.

J da letra eta jota da baita kanta eta dantza herrikoia ere hainbat tokitan, jota eta fandango. Jota da nekea eta dantzaren ondoren jota egon gaitezke. Jota da estimazioa eta asko jota erabiltzen dugu kopururen batera hurbiltzeko. Jota da gaitza eta burutik jota dagoenik ere egon badago.

Jo dago jotaren erro edo oinarrian, eta jo da esanahi ezberdinak dituzten beste adierazpen askoren iturri: elkar jo edo makilaz jo, txaloak jo, atea jo, garia jo, oilarrak jo, eguzkiak jo, trumoia jo, danborra jo, enbido edo hordago jo, zorigaiztoak jo, maiteminak jo, goseak jo, adarra jo, baita agonia jo ere, kanpaia jo edo larrua jo, eta urrutira jo gabe, joareak jo.

Jo barruan dugun o hizkiari kosk egin eta ju dugu aldaeran, eta josi eta josiz, denborak eta bizitzak ekarri nauen egoera berrira salto egin eta jubilare hitzera nator. Latinezko etimologiari begiratuz gero, zera dio: «jubilare: erretiroa lortzea (1495), berez, jada lan egin behar ez duenaren gogobetetzeaz gozatzea. Lat. (1605): pozezko oihuak botatzea». Izugarri gustatu zait definizioa eta ziur nago zuek ere, batzuek bota eta beste batzuek entzuten dituzuela era horretako oihuak inguruan.

JubilatuOK (orain arte jubilatuak ziren niretzat, besteak…) denbora sobran dugunez jubilazioaren ingurumarian ibili naiz sarean eta aspaldiko kontua dela jakin dut. Erromatarrek adinekoak babesteko arauak sortu omen zituzten erretiro duina lortzeko eta lege horietako bat Lex Cionaria izan zen (zikoinaren legea). Zikoinen jokabidean oinarrituriko izena, izan ere, horiek heldu bihurtzen direnean eta beren kabuz baliatzen direnean, guraso nagusiak zaintzen dituzte, haiek babestu eta janaria emanez. Beste begi batzuekin begiratuko ditut aurrerantzean kanpandorre eta argindarren poste gainetako kabi dotoreetan kakaraka aritzen diren lumadun bikoteak.

Ondoren, urteak eta hautsak metatu dira eta gaur egun dugun sistemara iritsi gara Otto von Bismarckek 1881ean Alemanian sortutako Gizarte Segurantzako lehen sistema modernoa ezarri zuenetik. Espainian, nolako egurra halako ezpala, Bismarcken banaketa sistema kontributiboari jarraituz (langile bakoitzak kotizatutakoarekin lotua) 1919an sortu zen Gizarte Segurantza, Langileen Erretiroa izenarekin. Erresuma Batuan eta beste lurralde anglosaxoietan, berriz, Beveridge izenaz ezagutzen den sistema ez kontributiboa ezarri zen, non birbanaketa osagaia agertzen den, alegia, langile gehienei asistentzia-pentsio finkoa eta berdina ematea.

Halaxe ba, jubilazioa iritsi zait eta inguruan jasotzen dudan mezurik ohikoena da, «orain zu lasai, ez kezkatu eta disfrutatu». Ofizialki ere 'klase pasiboa' naizela dioen txartela jaso dut.

Inguruko obrak ikusteaz gain, klase aktiboaren aldarrikapen ozenena! Jotarekin hasi eta josiz josi, jotake zutabea bukatu arte!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun