I... Ifrentzua

Erabiltzailearen aurpegia Mixel Gereka Zelaia 2023ko api. 16a, 11:30

Ifrentzua, Euskaltzaindiaren definizioaren arabera: «oihal, ehun, domina eta kideotan aurkia ez den aldea, atzeko aldea» da. Aurkia, berriz, alde nagusia, begien aurreko aldea

Gure esaera zahar batek dio «aurki guztiak du bere ifrentzua», eta horren harira, nazioarteko elkartasunaren ifrentzuaz ibili naiz hausnarrean, gatazka eta gerrari aurre egiteko politikariek erakusten diguten txanponaren bi aldeak aztertuz. Ukraina eta Sahara.

Ukraina dugu elkartasunaren aurkia, medioek behin eta berriro, goiz eta gau, sumindura arte erakusten diguten aurreko aldea, alde nagusia. Errusiak, Putin buru, berea ez den ondoko Ukrainan bortxaz sartu eta inbaditu zuen orain dela urtebete pasa. Gerra! Gerra gure Europa sakrosantuan. Erantzuna bat-batekoa izan zen eta elkartasuna borborka, militarra zein zibila. Milioika euro tanke, bonba eta sofistikaturiko munizio bihurturik alde batetik eta oniritzia, errekonozimendua, errefuxiatuekiko begirunea, ate irekiak, ikusgarritasuna, espazioa, diskurtso politikoak, eskubideak eta demokrazia aho bete bestetik.

Saharar Herria dugu elkartasunaren ifrentzua, begiek ikusten ez duten atzeko aldea. Orain dela 48 urte Marokok berea ez zen Mendebaldeko Sahara inbaditu zuen, Hassan II.a erregea buru zela. Ordura arte Espainiako 53. probintzia zen Mendebaleko Sahara. Ondoren, eta gaur egunera arte, ahanzturara kondenaturiko herrialde zatitu eta sakabanatua: Mendebaldeko Sahara okupatuan batzuk, eta Aljeriako errefuxiatuen kanpamentuetan eta erbestean besteak. Ifrentzua izatea tokatu zaio. Honek ez du ez ikusgarritasunik, ez begirunerik. Ez dizkiegu gure etxeetako ateak eta gure herrietako etxe zein eskolak eskaini. Ez dute teleberrietan espaziorik. Ez dira janari edo arropa bilketa bereziak antolatu. Ez diegu beren egoera erregulatzeko erraztasunik eskaini. Gerran daude berriro 2020ko azaroaz geroztik, baina isilarazitako gerra, ezkutukoa, ifrentzuko gatazka.

Hassan II.ak hasi zuena Mohamed VI.ak jarraitzen du, orain Pedro Sanchezen eskutik, honek eman baitio azken estokada Saharar Herriari, Mendebaldeko Saharako kudeaketaren legitimazioa eta oniritzia publikoki eskainiz Marokori, nazioarteko komunitatearen isiltasun eta konplizitatean babesturik.

Saharar Herriak badu esaera zahar bat: «lau hatzen tartea da egia eta gezurraren arteko aldea», begitik belarrira dagoen tartea, lau hatz. Ikusi duguna eta entzuten dugunaren tartea.

Diskurtso ponpoxoak entzun, entzuten ditugu, batzuen eskubide, askatasun eta demokraziaren izenean. Ikusi, berriz, politikarien aurkia bakarrik ikusten dugu, ez ifrentzua.

Txanpon guztiek bi alde dituzte eta nazioarteko elkartasunak ere baditu bere aurkia eta ifrentzua. Nik txanpona noiz biratuko zain jarraituko dut. Hala bedi! Inshallah.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun