Gu geu gara hitza eta ezer gutxi bilakatu hitzik gabe. Hitzen bitartez gizarteratzen gara eta hitzen bidez ikasi, ahoz, idatziz edo keinuz, esanahia duen hori sortu eta ondokoei helaraziz.
Izena duenak izana du dio, gu, euskaldunon esaera zaharrak, eta izena hitza da. Eta gu izen. Hitzek bertakotzen gaituzte eta hitzek lotu bizimolde batera edo bestera, eta belarri fina izanez gero, laster nabaritzen dugu aldamenean entzuten –edo irakurri ala keinuka ikusi– ditugun hitz horien hiztuna gure artaldekoa den edo beste larreren batetik etorria den. Batzuetan urrutiko larreko hitz ezezagunak guretzat, esanahia ezin asmatu eta hitzak ez diren hotsak bihurtutakoak gure belarri edo begietara. Besteetan, berriz, beste artalde bateko hiztuna entzun eta, ñabardurak ñabardura, di-da batean asmatzen dugu hiztun horren jatorria, herria zein auzoa ere identifikatuz, eta zeozer estutuz gero, baita bere atautxiren hitzek utzi zituzten beste nonbaiteko arrastoa ere.
Hitza da animalengandik desberdintzen gaituen elementu nabarmenetako bat, eta halere, egon badaude benetako animaliak bihurtu diren hiztunak. Hiztunak bai, baina, ahuntzaren gauerdiko eztula baino hitz hutsen jabeak. Zerrenda luzea osatuko nuke.
Hitzak hitz. Euskaldun hitza. Euskara duen hiztuna. Artalde bat. Eta euskara ez duenak izan al daiteke euskaldun? Gure artaldeko hitza da euskaldun eta gorago aipatu bezala, izena duenak izana du.
Hitzak abestuz, zera zioen Mikel Laboak: «Gure hitzak esan berriz esan, ez daitezela ahaztu ez daitezela gal, elur gainean txori hanka arinek utzitako arrasto sail ederra bezalaxe».
Gure hitzak esan Laboak eta singing words, words, between the lines of age (hitzak abestuz, hitzak, adinaren marren tartean) Neil Young-ek.
Sarritan entzuten dugu «hitzak haizeak eramaten ditu» esapidea, idatzita dagoen hitzak ahozkoaren balioa gutxituz. Idatziak iraupena dakar berarekin, lekukotasun fidagarria.
Halere, euskaldunon artean «hitz ematea», ahozko hitza, asko esatea da eta makina bat borroken iturburu izan da emandako hitza ez betetzea. Halere, eta idatzi hau da horren lekuko, batzuetan hitzak, hitzak besterik ez dira, gure solasaldietarako hitzak. Mina Mazzini eta Alberto Lupo italiarren kanta famatuak zioen moduan: «parole, parole, parole, soltanto parole, parole tra noi».
Bukatzeko, H hizkiaren buelta inguruan, Joxean Artze poeta handiaren hitzak uzten dizkizuet hausnarketarako: «OTX!, ATX!, UTX! HOTZAren HATSA ote da HITZA ala HUTSAren aurka altxatako HOTSA, edo HITSA hauste arren UTZItako HATZA».