Familia azaldu zait lehenengo postuetan. Pisu handiko hitza. Gure bizitza erabat baldintzatzen duen baina aukeratu ezin dugun ente edo izatea. Patua edo zoriak –bakoitzak aukeratu nahiago duzuen termino – familia nukleo batean jartzen gaitu eta hor hasten da gure bidaia eta hor korapilatzen zaizkigu aukeratu ez ditugun bidaideak. Ederrak edo zorigaitzezkoak. Betiko gertu nahi ditugunak edo hurrengo geltokian atzendu nahi ditugunak. Familia, ipurdia bezala, bakoitzak dugu geurea.
Zorionez, mendeetan zehar kristautasun santosantorumak inposaturiko familia eredu bakar, ukiezin eta aldaezinak bereak egin du eta anitzagoa eta koloretsuagoa dugu gaur egun, aukerak zabalduz eta aberastuz. Lasaiago arnastuz.
Fa ondotik fe datorrela eta fedea giltzatu zait pentsamenduan. Fedea existentzia eraldatzen duen dohain bat omen da (ez dira nire hitzak, Benedikto XVI.a aita sainduarenak baizik). Hau ere kontzeptu astuna eta ez makala ongi ulertu eta kudeatzeko. Familiarekin gertatzen den bezala, zoriak agintzen du eta gerta daiteke dohain edo opari hori jasotzea,…edo nire kasuan den bezala, ez jasotzea. Zeren arabera ez dakigu, lehen aipaturiko Benediktok dioenez Jainkoa da iniziatiba hartzen duena eta gure bila ateratzen dena (Benedikto XVI.a dixit). Baina bai ziurtasunez dakiguna da fede horren izenean eta fede bat edo beste inposatzeko nahiak mendeetan zehar utzitako sarraskia eta zentzugabekeria. Gaur bertan ere…
Familiarekin gertatzen den bezala, denok dugula bat jatorrian, fedearekin ez. Lehenengoa ezin dugu aukeratu, bigarrena bai. Bata zein bestea bere ondorio guztiekin.
Fi eta fu ibiltzea omen da (Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia) madarikazioak botatzen jardutea, eta hori gertatzen zait sarritan fedea eta erlijioen ingurumaritan sartzen naizenean. Baina fi eta fu-tik fo-ra noa eta fortuna aipatzea nahi nuke. Fortuna erromatarren jainkosa bat omen zen. Beste bat. Zoriaren jainkosa!! (Zoriarekin lotzen dira baita familia eta fedea ere). Zoriaren gurpila edo erruletarekin irudikatzen zuten, zortearen gorabeherak eta zoriaren aleatoriotasuna erakusteko. Eta fortunaren kulturako haritza erabiltzen omen zuten Preneste hirian. Ez Gernikan!!
Eta 'fukatzeko' sarean bilaturiko esaera zaharra (OEH, Euskaltzaindia):
Bai, atzo frin-frin, firun-firun, egun fran-fran, fardulu fardulu, eta irulea bethi ari zen iruten, begi bazterraz arrotzari begira.