Hausnarketa horretatik beste 'e' bat: ezerosotasuna. Buruak edo arrazoiak dakarren pisua alde batetik eta erraietatik datorren sentimendua bestetik. Arrazoia eta sentimenduaren arteko desorekak nigan ahalbideratzen duen ezerosotasuna. Ez naiz eroso sentitzen etsipenaren aurrean eta erraiek horren aurka borrokatzera naramate. Egunerokoak –'e' hizkia honek ere– ez ditu gauzak errazten eta medioek eta inguruneak une oro bonbardatzen gaituzte munduan Covid-19a besterik egonen ez balitz bezala.
Errudun ('e') sentiarazten gaituzte nonbait ongi egin ez dugunarengatik, eta erruduntasuna ere ez da niretzat ongi daraman sentimendua, kristautasunaren zama astuna baitu soinean.
Ehunekoak eta estatistikak etengabe, ('e'-z osaturiko hirukotea): hildakoak, ospitaleratuak, positibo tasa, kutsatuak, intzidentzia maila, aldaera britaniarra, adin tarteak, ZIU zainketakoak…
Guda hizkuntza: konfinamendua, alarma egoera, eremu gorria, pasabide ziurrak, etxeratze agindua, itxiera perimetrala, arau hausteak, krisi egoera…
Nekea eta gogaitasuna. Asperdura.
«Etsipenari ez! Zaila baldin bazaigu ere»
Etsipenari ez! Zaila baldin bazaigu ere. Kanta zaharrak dioen moduan badira mila motibo kantatzeko alai! Eguneroko uneak, iheskor eta paregabeak dastatuz. Mendi senda hartu eta udaberriaren eztandaz gozatu, kukuarekin bat duetoa osatzea, sagarrondo eta gereziondoen lore zaparradaz busti, erreka bazterreko ur soinuekin abestu, harrizko hormetako sugandilen harrapaketa jokoekin memelotu, eguzkipean etzan eta hasperen egin, maite duzun hori beso artean goxo-goxo estutu eta belarrira xuxurlatu, kopa dotoreko ardo onduan ezpainak busti eta mingaina kilikatu, zeruan begirada galdu, hodeitan marraztu, eskuarteko liburua gainean erori eta aiba… Lokartu egin zarela ohartu, dutxa azpian Pavaroti bihurtu. Zerrenda luzea da –mila motibo– eta bakoitzak berea izanen du, gailendu nahian ari den pandemia aroa edo eroaz aparte.
Beraz, nire herriko Ruper txantxikuak dioen bezala zaindu maite duzun hori eta zure motibo zerrenda xurgatu.
Etsipenari ez!
Eutsi goiari!! Eutsi…. e? Eeeeeeee.