D... Derrigorrez

Erabiltzailearen aurpegia Mixel Gereka Zelaia 2020ko ira. 20a, 09:00

D hizkiarekin bat dator 'derrigorrez', baita bizitzea tokatzen ari zaigun 'denbora' ere, eta honekin batera desesperazioa, deserosotasuna, despistea, desastrea, desinformazioa eta deabruak. 

Deabruak dilin-dalan.

Deabruak aipatu eta doktrina datorkit burura. Ongi oroitzen dut umetan señorita Bisi zenarekin buruz ikasten genuen gaztelaniazko katixima edo katezismoko lehenengo bi galderek ziotena: Kristaua zara? Eta guk, bai, kristaua naiz Jainkoaren graziagatik. Zer esan nahi du kristauak? Kristauak Kristoren dizipulua esan nahi du. Guretzat derrigorrez ikasi behar genituen esanahi argi gabeko hitzak. Infernuetako deabruengandik askatzen gintuen sorginkeria edo hitz magikoak.
 
Orain, kristau doktrinarik ez nigan, baina deabruak bai dantzan ditut inguruan; deabru onak eta gaiztoak, Tintin eta Milu bere zakurrari Hergeren abentura komikietan agertzen zaizkien modukoak. Infernuetako deabru gorria eta adar okerduna, txarrari lotua, iluntasunaren ikur, eta aingeru txuri itxurakoa, onari lotua, argitasunaren ikurra. Yin eta Yang. Unibertsoko dualtasuna. Bi funtsezko indar kontrajarri eta osagarriak, gauza guztietan aurkitzen direnak.
Derrigortasunaren aroan murgilduak bizitzera zigortu gaitu ikusezina eta era berean nonahikoa edo omnipresentea den birus batek. Derrigorrezko arautegiak kalera ateratzeko, lanera joateko, aisialdirako, ospakizunetarako, medikutarako, erosketak egiteko, kotxez mugitzeko, baita musu eman eta larrua jotzeko ere. 

Derrigorrezkoa maskara soinean eta eskutarako gela. Derrigorrezkoa gure arteko distantzia fisikoa mantentzea. Derrigorrezkoa mesfidantza. Derrigorrezkoa albokoa ezagutu ahal izateko begiraden kode berrian trebatzea (eta akabo kontuak eguzkitako betaurreko eta biserekin). 

«Aipaturiko derrigortasunez gain, nik beste kit bat gehitu nahi diot: derrigorrezko deabruak»

Aipaturiko derrigortasun horiez guztiez gain, nik beste kit bat gehitu diot nire egunerokoari ezarri diguten normaltasun edo anormaltasun berriaren aro honetan: derrigorrezko deabruak!!! Zalantzaren deabrua, desinformazioaren deabrua, mesfidantzaren deabrua, beldurrarena, norberaren iritzia izateko eskubidearena, izpiritu kritikoarena eta gainezka egotearen sentimenduaren deabrua!! Azienda bat mandeuliak jarraian etengabe inguratzen duten moduan, horrela ni neure deabruekin jiraka! Onak eta txarrak, argiak eta ilunak, gorri eta adarduna eta aingerutxoa.

Deabruak dilin-dalan.

Mixel Labergeriek aspaldiko Ezkilaren kantuan zioen bezala: «Dilin, dalan dalan, Din-dan boleran! 

Kanta beza ezkilak menderen mendetan, kanta beza bizia eskual herrietan!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun