B... Bertakoa

Erabiltzailearen aurpegia

Bertakoa, betikoa, betidanikoa, bizi-guztizkoa. Ez dakizue zenbatetan, ilea urdintzen hasia dudan adina izanik ere, zenbatetan oroitarazten didaten jende batzuek ni bertakoa ez naizela. Bi kategoria ezarriz, bertakoak direnak, «gu» direnak, eta bertakoak ez garenok eta beraz, «zuek» garenok beraientzat, kanpotarrok.

Gehienetan ez didate modu txarrean oroitarazten, baizik eta nigan atxikia daraman ezaugarri anekdotiko bat izango balitz bezala. Horrela da. Gutxi batzuetan berriz modu ez hain onean egiten dute, eta nik, ez entzunarena egin eta haize zakar ufada pasatzen uzten dut, ez baitu gehiagorik merezi, haizea besterik ez baita.

Gipuzkoako txantxikua naiz eta Oñatiko putzua dut sorterri. Han jaio, hazi eta hezi ninduten eta han ditut nire hildakoak. Gazte atera nintzen babes eta konfort-zonako putzutik eta mundu zabaleko beste erreka, putzu, ibai, aintzira eta zingira askotan igeri egin eta bidaideak aurkitu ditut. Denbora laburrekoak batzuk eta bizitza osoko bidaideak beste gutxi batzuk. Lagunak. Nire altxorra. Toki guztietatik edan eta elikatu naiz, eta aspaldiko partez, urteak hamarkadaka kontatu ahal izateko pribilegiatua bainaiz, Malerrekako Ituren dut bizileku.

Noiz eta zein magiaren poderioz bihurtzen da kanpotar bat bertako?

Baina, noiz eta zein magiaren poderioz bihurtzen da kanpotar bat bertako? Nola egin trantsizio hori? Bi gauza desberdin gertatzen dira gai honetan: bata da nongoa kontsideratzen garen pertsona bakoitza, gu geu, eta bestea nongoa kontsideratzen zaituzten zure ingurukoek.

Ni neu, ongi sentiarazten nauen tokikoa naiz, lagunak ditudan tokikoa –bestela beste putzu bat bilatuko nuke–, eta hainbat leku eta herrialdetan izan dut bizipen hori. Leku horietako bakoitzean bizi izandako esperientziek eta ezagututako pertsonek osatu naute. Hainbat zatitxoz eraikia ikusten dut nire burua. Horrek egiten nau ni. Sentimendu hau norberarena da eta hor ez du tokirik besteek diotenak.

«Ardi bat ez da jaiotzen den tokikoa larratzen duen tokikoa baizik»

Urteak metatu dira sorterria utzi nuenetik, gaztetasuna ezaugarri iraunkortzat nuen garaitik, eta halere, herrira bisitan noan bakoitzean, bertakotzat naute. Nik zer sentitzen dudanez gain. Nire izaera osatzen duten zatitxoen gainetik. Nire arbasoen bizitzen eta nire haurtzaroaren lekukoa. Ez naiz arrotza, ez kanpokoa. Han norbaiten seme, biloba, iloba, anaia, osaba, lehengusu, koinatu, auzoko edo txikitako laguna naiz. Klan bateko kide bat naiz. Klan bat osatzeko baina urteak eta horiek estaltzen dituen gaineko lurra behar dira. Agian hildakoak ditugun lekuak bertakotzen gaitu.

Ardi bat ez da jaiotzen den tokikoa, larratzen duen tokikoa baizik.

Txantxiku bat ez da jaiotzen den putzukoa, unean igerian egiten duenekoa baizik.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun