Altsasu bai, baita atsekabea, astakeria eta aldrebeskeria ere. Azpijokoa eta anabasa. Herriko zortzi gazteren eta beraien ama, aita, anai-arreba, amatxi-atautxi, bikotekide eta lagunen bukaezinezko amesgaizto krudelena. Argudio eza, ustelkeria eta zentzugabekeria. Euskal Herri osoko amorrazioa. Espainiako mendeku politikoa eta ustelkeria. Zinismoa eta maltzurkeria, zikinkeria, faltsukeria. Justizia nazkagarria eta itogarria. Francoren biboteak oraindik ere lanean. Aspaldiko kantak bazion ba…Anteron txamarrotia, Francoren bibotia, haretxek ei dauka, ei dauka, preso Euskal Herria.
«Ezin dugu etxean gelditu guztiok etxean egon arte»
Eta horrelaxe, Valledeloscaidoseko momia gora, momia behera dabiltzan bitartean, bere arima epaitegietan, bizi-bizirik, odol gosea eta gorrotoa dariola. Zorigaitzezko Espainia!
Adur, Oihan, Jokin, Iñaki, Aratz, Jon Ander, Julen eta Ainararen azken epaiketa/zirku mediatiko-politikoaren emaitza jakin ondoren ikusitako irudiak odola bor-bor jartzen didate. Erraiak estutu. Gurasoen inpotentzia, amorru eta desesperazioa. Guraso naizen aldetik argi dut gutako edozein egon gaitezkeela orain beraiek dauden egoeran, Euskal Herriko edozein gazteri tokatzen ahal zaio Altsasukoei tokatutako txartel madarikatua.
Berriro aterako gara kalera Altsasukoekin bat egiteko. Ezin dugu etxean gelditu guztiok etxean egon arte. Berriro aterako gara botoa ematera Franco momiaren arima behingoz suntsitu eta lurperatu arte…
Bitartean, egunak aurrera doaz zurrunbilo berdintsuan, Katalunia eta bere procesa, Turkia eta kurduak, Brexita, Mediterraneo itsaso-kanposantua…
Xabier Amurizak idatzi eta Imanolek abesten zuen Mendian gora haritza kantak dion moduan: Kantatu nahi dut bizitza, usteltzen ez bazait hitza, mundua dantzan jarriko nuke Jainkoa banintza!
A, A, A… Aurrera Altsasu.
Agur Spain!