Zur eta lur gelditu naiz. Are gehiago handik gutxira honako albiste hau leitu dudanean: Nafarroan, funts putreen esku gelditzen ari dira babes ofizialeko etxe anitz, eta ehunka herritar bizitokirik gabe gelditzeko arriskuan daude lurralde osoan; Cintruenigon, Fiteron, Iruñerrian…
Nafarroako lehendakariak iragarri du saiatuko direla babes ofizialeko etxeak berreskuratzen, hau da, diru publikoarekin lagunduta eraiki eta ondotik pribatizatutako etxeak berriz diru publikoarekin eskuratzen.
Nonbait, Martera begira izan gara orain arte.
Etxebizitzaren auzia bolo-bolo dabilen honetan, karrikan aspalditik ezaguna zen egoera biltzen dute orain medioek, zaparradan argitaratzen ari diren datuekin: Nafarroan, alokairuaren banaz bertzekoa 960 euro dira etxebizitza salerosketarako sareko atarien arabera, Nafarroako Gobernuak dio 796 euro direla. Etxebizitza bat erosteko 190.000 euro behar dira banaz bertze Nafarroan, Iruñerrian 260.000 euro.
Eta meteorito bat nola, hona bertze datu hau: Nafarroan datu ofizialek diote 600 bat pertsona daudela kale gorrian bizitzen. Estatuan, biztanleko etxerik gabeko pertsonen banaz bertzeko handienetakoa da Espainiako Estatistika Institutuaren arabera.
Badut lagun bat Bilbon etxerik gabeko pertsonekin lan egiten duena, eta kontatu dit orain gutxi gau batean 1.000 pertsona zenbatu zituztela karrikan lotan. Karrikaz karrika ibiltzen da bera pertsona horiek laguntzen, zokoratutako eremuetako kanpin dendak bisitatzen. Orain hamar bat urte ehun bat izan ohi zirela ziurtatu dit.
NASAk dio 14 urte barru bidaliko duela astronautaren bat Martera. Txinaren CNSA espaziorako agentziak, berriz, hamar bat urte beharko omen ditu. Bada lau urteren buruan hori posible izanen dela dioenik: Elon Musk tekno-oligarkak, hain zuzen ere. Bidaia ordaintzeko adina diru duenaren bizkar, bistan da.
Albiste guztiak elkarren ondoan paratu eta erokeria da iradokitzen dena: han posible da, hemen ezinezkoa dena. Eta horregatik da mezua bera erokeria. Etxebizitza duin bat eskuratzea hain urruti dutenek ikusten dutelako atsekabez zein hurbil duten batzuek Marte.