Hasteko, aspaldikoa da bertako diasporaren eta AEBko errepublikarren arteko lotura, bereziki Idaho, Nevada eta Kalifornian. Hortxe Paul Laxalt edo Pete T. Cenarrusa garai bateko izen ezagunak. Egun ere euskal jatorriko herritar aunitz daude Trumpen alderdiaren alde, ez baitute arazorik ikusten euskal identitatea defendatu eta, aldi berean, bertze gutxiengo batzuen kontra egitearekin. Eta asaldatu ere asaldatu dira ikurrina erakundeetatik kanpo geldituko zenaren mehatxuarekin.
Banago, ordea, ez dela kezka hori benetako auziarekin argi eta garbi lotu, edo ez behintzat ertzen arteko lotunetik. Horren guztiaren gibelean dagoena ez baita ikurrinaren auzia, LGTBI+ kolektiboaren auzia baizik.
Alderdi Demokratakoa den Boiseko alkateak kolektibo horren bandera paratu nahi zuen udaletxean, eta hori saihesteko hasi dira errepublikarrak ofiziala ez den oro debekatu nahian. Hau da, AEBko banderaz aparteko guztia, hau da, eurentzat onargarria ez den oro, eskubideak eskubide.
Eta hori da euskaldunontzako ageriko lezioa: ikurrina LGTBI+ kolektiboaren ‘parekoa’ dela. Bertze era batera erranda: nagusi ez den kolektibo bat zanpatzen denean bertze guztiak ere zanpatzen direla.
Euskaldunak, self-made man irudi hori izanagatik ere itsasoaren alde batean zein bertzean, azpiratutako kolektibo bat izaten segitzen dugu: zaurgarriak, aitortu gabeak, eskubide mugatuekin. Nafarroan ongi dakigu hori: zer den zure hizkuntza erabili nahi eta ezin ibiltzea, zure ikurra erabili nahi eta kontu eske etortzea. Hau da, zure oinarrizko eskubideak errespetatu arazi nahi eta ezinean ibiltzea.
Horregatik Idahokoak erakusten digu, nire ustez, gure kokapena eta aukera. Ikurrina defenditzea, identitate eta kolektibo baten adierazpide den heinean, ongi dagoen arren, ez baita aski ez baditugu denon oinarrizko eskubideak defenditzen. Denonak. Adierazpen eskubideaz haratago, oinarrizko bertze eskubiderik gabe, edozeinena izanda ere, zanpatuak segituko dugulako. Are gehiago Trumpen garai ero hauetan. Euskaldunok, gure txoko honetatik ikusten dugu hori, badakigu zer den hori.
Horregatik, zeinen ederra izanen litzatekeen ikurrinaren defentsan solas egin dutenek ere bizi solas eginen balukete LGTBI+ kolektiboaren alde. Hemen eta AEBn. Ikurrinak hori ere irudikatuko balu Boiseko balkoian.