Horixe da kontatzen duena Agent of Happiness (Zoriontasunaren agentea) dokumentalak, edo hori da aitzakia behinik behin bertze hainbat gauza kontatzeko. Bhutanen, inkesta horien arabera ustez munduko herrialderik zoriontsuenean, halaxe ibiltzen baitira gobernuak berak kontratatutako zenbait langile, auto txiki batean herriz herri inkestak betetzen. Merezi du dokumentala ikustea, modu xalo batean gauza aunitz kontatzen baititu. Baina merezi du baita zoriontasuna nola neurtzen duten eta dugun hausnartzeko ere.
Imajinatu Nafarroako Gobernuak ordaindutako langilea zarela, Lesakako baserri bateko atarian, Elizondoko jubilatuaren bila, Sarako dendariaren erakusleihoan: zein galdera eginen zenioke parez pare duzun horri zoriontsu ote den jakiteko? Europan sarri zoriontasuna ongizatearekin (zentzu europarrenean) lotu izan dugu, hau da, egoera ekonomikoarekin, hezkuntza mailarekin, zerbitzuekin, Barne Produktu Gordinarekin… Eta zer neurtu, halako emaitzak: herrialderik zoriontsuenak Finlandia, Danimarka, Suedia eta Norvegia. Baina bertzelako ikerketek erakutsi dute zoriontasunaren neurgailu horiek ez datozela bat norberaren betetasun eta ongizate pertzepzioarekin; zoriontasuna betetasunarekin eta ongizatearekin lotuta izanagatik ere.
Nature aldizkarian argitaratu da inoiz pertsonen ongizate integralari buruz egin den ikerketarik zabalena (200.000 lagun baino gehiago, 22 herrialdetan), eta zerrendan buru ez daude ez Finlandia, ez Danimarka. Indonesia, Mexiko eta Filipinak baizik.
Zer neurtu duten? Zer den ongizate integrala? Zoriontasuna, osasun fisikoa eta mentala, bizi zentzua eta helburuak, gizakien arteko harremanak, izaera eta bertuteak eta segurtasun ekonomikoa.
Luze eztabaidatuko genuke ea hori den neurtu beharrekoa. Baina hainbat eztabaida eta ikerketa alderatuta, emaitzek agerian utzi dute asebetetzea ez dela hainbertze —edo bakarrik— ekonomikoki maila jakin bat lortzea, zoriontasunaren langa bat gainditzea. Europarrok ulertu izan duguna, alegia. Adituek diote behar direla emozio baikorrak izan, helburuak eta konpromisoak, harreman sanoak, lagun onak, eta nola ez, osasuna eta oinarrizko beharrak asetzeko baldintza ekonomikoak, bertzeak bertze.
Horretarako ez da ikerketarik behar, pentsatuko du norbaitek. Ba dokumentala ikusi eta egin dezala ariketa, harrituta geldituko da.