Hegazti herrariak

Erabiltzailearen aurpegia Miren Rubio Iturria 2024ko urr. 6a, 09:30

Zenbat eta zenbat hegaztik zeharkatuko ote dituzte gure lurrak hilabeteotan, Iparraldetik Hegoalderako bidean. Zenbat tamaina, kolore eta lumadi diferente, zenbat txio eta kantu ezberdin.

Bidasoa zeharkatzear den senegaldarra imajinatzen dut kurrilo saldo horietako bati begira. Berak egindako bidea urratzen ari dira, hain erraz eta zaratatsu.

Zenbat eta zenbat Boli Kostako, Marokoko edo Mauritaniako hegazti herrari saiatuko dira Bidasoa zeharkatzen, zaratarik gabe, itzalpean. Laboaren kantuak dioen bezala, argia eta itzalaren arteko mugan pausatuta. Hegazti horiei begira sasian.

Ikusi nahi dituenak SOS Arrazakeriak eginda dauka Irunera etortzen direnen erretratua, Bidasoa zeharkatzen dutenena. Denek dute iparrorratz bera: bizitza hobe baten berotasuna. Hegaztiak nola, bakoitzak du bere hegaldia: lan bila, indarkeriatik ihesi, ikasten segitzeko gogoa, Parisko senideekin elkartzeko nahia… eta guztiek errepikatzen dute esaldi bera: infernuaren antza du bideak.

Zerura begira egon zitekeen maliar baten hitzak dira, SOS Arrazakeriaren ikerketak bildutakoa: «Marokon oiloak hobeki tratatzen dituzte beltzak baino».

Bi eta lau urte behar dituzte Bidasora ailegatzeko. Bi-lau urte esklabotzan eta muturreko indarkerian bi-lau urte baino gehiago dira. Ez da ez udazkenik, ez udaberririk eurentzat. Eta Bidasoko mugara ailegatuta, ehiza sare etengabea zaie muga: eta hala ere, behin eta berriz saiatuko dira zeharkatzen, lortu arte: «Komisariara atxilotuta eramaten banaute, txikikeria bat izanen da orain arte egin didaten guztiaren ondotik».

Hegazti guztiak ez dira helmugara ailegatzen, ordea. 2014. urteaz geroztik, Mediterraneoa zeharkatzen 30.000 lagun gutxienez hil direla kalkulatzen dute erakundeek. Aurten dagoeneko 5.000 baino gehiago dira, eguneko 33 lagun. Eta zenbat eta zenbat desagertu. Zenbat etxe semearen edo alabaren deia hartu gabe.

Bidasoa ere bidearen bukaera da aunitzentzat. Gure etxe ondoan gutxienez hamar pertsona hil dira.

Gure zeruak zeharkatzen dituzten zenbat hegazti ailegatuko ote dira euren helmugara eta zenbat bidean galdu? Zenbat gure lurretan zendu?

Bidasoan ere udazkena da, behin eta berriz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun