Nazioarteko moda munduan izan zuen sonaz idatzi du aldizkariak, bertze izen handi bati lotuta beti: Cristobal Balentziaga Getariako jostunari. Izan ere, elkarrekin bizi eta lan egin zuten Balentziagak eta Esparzak 1950ean Parisen elkar ezagutu zutenetik. Ana Balda ikerlariak dioenez, Rodriguez Aldabe anaia lesakarrek aurkeztuta ezagutu zuten elkar, eta Getariakoak Esparzaren marrazketarako dohaina ikusita, baita gustu ona ere, berarekin lan egitera gonbidatu zuen. Geroztik, ezin ibilbide emankorragoa elkarren ondoan, ikerlariaren hitzetan.
Esparza ez zen Lesakako familia apal batekoa, nekazari edo abeltzainen semea. Eladio Esparza orduko udaleko idazkariaren hirugarren semea zen, kazetaria eta politikaria ere bazena. Horregatik, zortzi anaia-arreba izanagatik ere, Iruñera joan zen batxilergoa ikastera. Ondotik, abokatu ikasketak Zaragozan egin zituen, baina hain zuen marrazketa maite, arte ederrak ere egin baitzituen. Bartzelonan moda ilustratzaile aritu zen, eta Parisko moda munduan sartuko zen gero bete-betean Getariakoaren eskutik. Abilezia berezia omen zuen txapelak diseinatzen, eta laster izendatu zuten Balenciaga etxeko zuzendari kreatibo. Balentziagaren itzalpean hogeita bortz urte baino gehiago eman zituen, dio Balda ikerlariak.
Balentziaga erretiratuta, jostunaren ekarpenaren zaintzaile eta hedatzailea izan zen Esparza. Egungo jostunaren museoaren ernamuina berari zor zaiola diote. Baina bere kabuz ere baditu meritu aski: Chanel etxearen diseinuen buru izan zen urtebetez, kritikariek estu hartu bazuten ere, bertzeak bertze. Bazenaren seinale.
Vogueko artikuluak zertzelada gehiago ematen ditu, eta bertze hainbertze erreportaje ere aurkituko dituzue Balentziagari eskainitako telesaila dela medio. Gehiago sakondu nahi duenak baditu sarean aski eskuragarri ikerketa artikuluak, horien artean aipatutako Ana Baldarenak. Hala ere, zer pentsatua ematen du ikusteak bertzeek ponpaz bere egiten duten hori nola den hain arrotz sorlekuan. Niregandik hasita.
Bada herrian ikusi zituenik Balentziaga eta haren Lesakako ‘maitalea’ (harrigarria da oraindik nola inork gutxik deitzen duen bikotekide), baita euren lagunak ere: horien artean Hollywoodeko izarrak (bertze baterako). Beroki horiek, soineko haiek, erranen dizute. Baina banago anitzi Ramon Esparzaren bizitza etxekotuko zaiela pantailaren bidez, aldizkarien bitartez. Egia da Esparza abizenak badituela bertze hainbertze ertz: karlismoa, gerra, navarrismoa, dirua. Baina izan beharko lukete ere bertzelakoak: joskintza, jakintza, artea. Horiek guztiak ezagutzea ere badelako Lesaka bera hobeki ezagutzea.