Ezin izan dut loturarik ez egin, honako bertze datu hau irakurri dudanean egunkarian: abuztuko azken bero boladan, 18 lagun hil ziren bero saparen ondorioz edo horren zeharkako eraginez; ezohiko datua. Eta hara bertze hau: 2022an, Carlos III. Institutuaren arabera, beroak bereziki kolpatu zuen Nafarroa Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin konparatuz gero, udan 100.000 biztanletik 17,8 hil baitziren beroaren ondorioz (Bizkaian 8,8; Araban 7,8; Gipuzkoan 1,8). Gu pagoak ote?
Jakin badakit lotura hori ez dela egokiena, ez dela berez zuzena. Baina klima larrialdia jada ari zaigu eragiten, gu aldatzen, pagoak eta paisaia nola, gu aldatzeko gai ez garelako. Eta termometroaren datuaz gain, aski adibide sinple eta argigarria iruditu zait lorezainena, heriotzena, lotzeko adinakoak.
Uda honetan mendian ibiltzeko zortea izan dugunok ikusi baitugu aldaketa parez pare: glaziarrek pena ematen zuten, urtuta ia ezerezean; hainbat errekatan eta ibaitan amuarrainak eta bertzelako animaliak ehunka hilda agertu dira; eta segi eta segi… Irakurle, segur naiz zuk ere baten bat ikusi duzula. Eta etorriko zena hemen dugula jabetu, jada jabetua ez bazina.
Lorezainak bezalaxe, hasi beharko dugu geure burua diferente zaintzen, inausten. Bertzela, paisaia honetan ez dugu kabidarik. Pagoak ez dira gai erantzuteko. Ea gu zein klasetakoak ote garen, gu geu lurra idortzen ari garen lur honetan.