Lauburua eta Irulegiko eskua

Erabiltzailearen aurpegia Miren Rubio Iturria 2022ko abe. 25a, 10:30

Lauburu bat lepotik zintzilik noizbait izan duzula seguru nago. Apika eguzki loreren bat atarian? Gernika koadroa paretaren batean, arboletan pintatuta? Ardi latxa autoko gibelaldean? Edo lesakarra bazara, Agiñako Oteizaren eskulturan argazki pare bat, dudarik gabe.

Sinboloak denak, egunerokoan jantzi, erabili eta birsortzen ditugunak, kasik pentsatu gabe. Horretarako baitira sinboloak: nor garen eta non garen sentitzeko eta adierazteko edukiontziak.

Halako zerbait gertatu(ko) da Irulegiko eskuarekin. Nor garen eta non garen erraten digun ikur bat azaleratu da. Batzuentzako matelakoa izan dena, guretzako garenaren irudi. Froga historiko, politiko eta baita estetiko bat ere. Zer eta esku batean, gainera. Hain sinple, ulergarri, baliagarri, errepikatzeko hain aise. Zenbat meme, kamiseta, broma. Eskua duen ateko lanpasa ere salgai dago dagoeneko. Baietz hemendik gutxira norbaiten azalean tatuatuta ikusi.

Ez da harritzekoa. Duen balio politiko-historikoaz gain, sinbolo gosea ere badagoelako, iruditzen zait. Herri normalizatu bat izanen bagina, sinboloak sortu eta birsortuko genituzke modu ‘natural’ batean (deus ere ez da naturala, uler bedi). Herri batek beharra duelako bere burua pentsatzeko, kontatzeko eta autoafirmatzeko. Eta sinboloak hori egiteko tresnak dira. Hala gertatu zen 60ko, 70eko edo 80ko hamarkadetan. Berreskuratu eta hedatu ziren txalaparta, lauburua bera, arranoa, boneta, koloreak... eta bertze hainbertze sortu, gehienak orduko artistek: unibertsitatearena, bertsozale elkartearena, amnistiarena, askatasunarena...

Azken hamarkadetan banago aski gutxi sortu eta birsortu ditugula lepotik zintzilik edo etxeko sarreran paratzeko modukoak. Folklorismoan erori gabe, are gutxiago. Egin ariketa, pentsatu. Horregatik piztu dit halako ilusioa Irulegiren eskuak piztutakoak. Gaurko eta oraingo baliagarria zaigun sinbolo gisa erabiltzen hasiak garelako. Zorionekuak gu hedatzen bada, eta zorionekoak gu gose horri bide eman eta etorkizunean topatuko diren sinbolo berriak sortzeko baliagarria bazaigu. Nor garen eta non garen erraten segitzeko gogoa izan badugula erakutsiko duelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun