Iruñeko La Veleta peñan omen du sorburua ohiturak: langile klaseko kideek osatzen zuten taldea, eta 1931n arropa zuria erabiltzen hasi ziren, dirudienez, bertze peñetatik bereizteko. Izan ere, langileak izaki, arropa zuria lortzea eta garbitzea aski merkea zen, eta tratante eta harakinen jantzi beltzen aldean, bereizgarria suertatu zitzaien.
1960ko hamarkadan, ordea, hedatu zen sanferminetan zuriz janzteko ohitura, historiadoreen hitzetan. Udalak herritarrei hala proposatu zielako eta etxeetan garbigailuak ere agertzen hasiak zirelako. Laster, herritarrek bat egin zuten proposamenarekin eta bere egin zuten janzkera; langile xumeentzat hain erosoa zen uniforme hori. Gaur arte. Baita Lesakan eta bertze hainbat bestetan ere.
Kuriosoa da, gero. Mende erdi eskas baita kuadrilla bati bururatutakoa anitzentzat ohitura bihurtu dela ikustea. Betidanik egiten den ohitura, tradizioa.
Mixel Etxekopar musikariari behin entzun nion gisan, tradizioa sorburua ahantzia duen ohitura bat bertzerik ez baita. Hedatzen eta aldatzen doana, jabetzen ez bagara ere. Eta horregatik ere bada gai transmititzeko. Sortzeko, aldatzeko eta eraldatzeko, herritarrek beretzat duten artean.
Uztailaren 6ko altxaferoa botatzerako, nik ere izanen ditut soinean kamiseta eta galtza zuriak. Aurten, gainera, aparteko ilusioz. Zuriz eta gorriz jantzita besta eta komunitate baten parte bihurtuko naizelako, aspaldiko partez; kalimotxo eta garagardo erorientzako mihise perfektua. Eta Veletako peñako langileez oroituko naiz. Gazteak ziren gizon kuadrilla hartaz. Lau sos sakelan, besta gogoak bultzatuta izan zuten burutazioaz. Ordura arteko tradizioarekin hausteko jantzien jolasaz. Hain aldatuta eta eraldatuta, orain bestarekin bat egiteko nire ohitura ere badelako.