Pandemia honek ederki oroitarazi digu hori: zein inportanteak diren normaltzat jo izan ditugun heriotzari lotutako ohiturak. Senideren bat pandemiaren makurrenean hil zaionak badaki zenbatekoa den bakardadearen zama. Errituak dolua egiten hasteko bideak bertzerik ez baitira, eta denok behar ditugu, molde batekoak zein bertzekoak, kolektiboki konpartitu: denok behar dugu toki txukun bat hildakoa agurtzeko, lore zein bertzelako oroigarriak, norberari egokitutako zeremoniaren bat, kafe bat, kantu bat... Norbere sinesmen eta nahien arabera. Eta halako egoera batean, gainera, ez bada hildakoak espresuki kontrakoa erran duela, ohituratzat jo den hori egiten dute senideek. Eta beraz, hortxe azaltzen da, ohikoa den zeremonia eta ohikoa ere baden faktura. Pobre izan edo aberats.
Alargun bati behin entzun nion nola, bere pentsioa lotsagarria izan arren, gordeta zituen lau sosak senarrari 'merezi zuen' hileta egiteko erabili zituela. Eta geroztik ezin dirurik aurreztu zebilela. Senideei halako 'gastua' uzteko beldurrez, bada heriotza asegurua ere egiten duenik (horretarako ere dirua behar da, ordea). Eta zenbat horrelako.
Heriotza bizitzaren parte den neurrian, nekez eginen dio inork eskapo heriotzari. Gaixotasunari bezalaxe. Eta hala izanik ere, kontu pribatu gisa tratatzen dugu, eszepzionala balitz bezala, norberak bere poltsikoaren arabera neurtu beharrekoa, zeremoniatu beharrekoa.
Denoi eragiten digun heinean, ordea, denon eskubide beharko luke. Heriotza duinak ere beharko lukeelako bizirik daudenen eskubide. Eta, horrexegatik, heriotzari lotutako ohitura eta behar guztiak unibertsalizatu, hau da, publifikatu beharko lirateke. Denon eskura paratu 3.500 euro horiek, pobre izan zein aberats. Heriotzak berak gizaki guztiak berdintzen gaituen moduan, heriotzak berak bizirik daudenen artean diferentziarik sortu ez ditzan. Batzuentzat bertzeentzat baino garestiago ez dadin izan heriotza. Berriz erranen dudalako: heriotza ez delako inoren hautu edo kapritxo bat. Horregatik, osasunak izan beharko lukeen bezala, maite ditugunei ere duin eta ongi agur errateak denon eskura izan beharko lukeen aukera bat beharko luke. Dirua ez dadila agurraren neurria izan.