Ez baita aski garbigailua paratzea, erratza pasatzea, janaria prestatzea edo seme-alabak eskolara eramatea. Horiek noiz, nola eta zerekin batera egin behar diren pentsatu behar da, eta 'ezkutuko' lan horiek oraindik emakumeen ardura dira. Hala erakusten dute azken emaitzek. Eta zein diren 'ezkutuko' lan horiek? Bada, buruarenak: seme-alaben matrikulazio datak kontrolatzea, apalean zenbat esne-kaxa dauden jakitea, osasun hitzorduak egutegian apuntatzea, oporrak planifikatzen hasi behar zarela oroitaraztea... Kontu txikiak, bai, baina bat bertzearen gibeletik pilatuz gero, zama galanta.
Ikerlariek hiru kategorietan banatzen dituzte lan horiek. Lan kognitiboa deitzen diote tenorez zer egin behar den pentsatzeko lanari. Lan emozionala da, bertzetik, familiaren edo bikotearen eguneroko martxari eusteko zaintza, adibidez, seme-alabak ikastetxean nola dauden jarraipena egitea, bikotekidearen aldartea behatzea... Azkenik, eta bien arteko lotura dena, karga mentala deitutakoa dago: eguneroko kontu txiki guzien kontrola, antolaketa eta bideratzea. Ikerketek erakutsi dute, etxeko lanak banatzen saiatzen diren bikote heterosexualen artean ere, emakumeak direla ia lan horien guztien ardura hartzen dutenak. Gizonek batez ere parte hartzen dute azken erabakietan, hau da, behin betiko erabakia hartu behar den unean. Baina ordura arte egin beharrekoetan, ardura gutxi. Emakumeak dira etxeko behar txikiak identifikatzen dituztenak, aukera posibleak aztertzen dituztenak, eta bikotekideari erranda, azken erabakia elkarrekin hartzen dutenak. Hortaz, ikerketek diote gizonek azken erabakian parte hartu bai, baina bertze fase guztietan lan gutxi egiten dutela. Eta guztia pilatuz gero, sekulako lan zama da emakumeentzat, lan mentala izanda ere.
Garrantzitsua da lan hori ere banatzea, adituen hitzetan, baduelako eragina. Erraterako, ikerketek erakutsi dute horren ondorioz emakumeek buruhauste handiagoz bizi dutela seme-alaben zaintza, baita etxean ez daudenean ere, eta estresa areagotzen du; beti baitago presente, baita bertzelakoetan zabiltzanean ere: mendian ibiltzen, telebista ikusten, baratzean edo lagunekin kafea hartzen... Burua ez da itzaltzen. Berdin seme-alabarik ez duten bikotekideen artean ere. Ardura buruan baduzu, denbora gehiago eskainiko diozu, eta etxeratzerakoan, lehenago hasiko zara lan horiek egiten, banaketa desorekatuz.
Hortaz, lanen banaketa egiterakoan, ardura mentalak sartu behar dira etxeko lanen zerrendan. Buruan izan ditzagun, behinik behin, emakumeen buruaren orekaren mesedetan.