Ondorioa larria da. Hain beharrezkoak ditugun botikak, hau da, gure osasunaren baldintzatzaile garrantzitsu bat ez dagoelako gure esku. Bertze modu batean erranez gero: sekulako morrontza dugu.
Pandemiak hori ere utzi digu agerian. Europako gobernuak aski urduri ibili dira azken urtean, ez ote zen –txertoaz gaindi– botika eskasiarik egonen, eta jada hasi dira erraten botikak hemen ekoitzi behar direla (Europan, ulertu bedi). Harrigarria da: gure osasuna merkatu arauen menpe utzi duten horiek orain Europak ibuprofeno-burujabe izan behar duela diote. Covid-19aren sukarraldia ote...
Ez da hain sinplea, ordea. Txinak munduaren botikaria bihurtu nahi du. Hala adierazi du bertako gobernuak 2025eko herrialdearentzako lehentasun estrategikoen txostenean: botiken printzipio aktiboen ekoizle nagusia izateko pausoak emanen dituela iragarri du Txinak, egun duen merkatuaren %40ko langa aise gaindituz. Beraz, bertzelako joko-arauak ezarri ezean, urteetako pribatizazio irauli eta publifikazioaren alde egin gabe, aski zaila izanen da Txinari balazta paratzea.
«Urrutiko kontuak dirudite, baina ez dira: egunero-egunero ahoratzen ditugun pilulez ari gara solasean»
Urrutiko kontuak dirudite, baina ez dira: egunero-egunero ahoratzen ditugun pilulez ari gara solasean, gure min eta osasun beharrez. Eta nik, adibidez, ez nuke nire hileroko mina Indiaren esku utzi nahi, paracetamola noiz eta zein preziotan ailegatuko esperoan –India da munduko paracetamolaren aktiboaren ekoizle nagusia–. Horregatik, harrituta ere, sukarrak jota diren horiei tentuz adituko diet, osasunaren alor guztiak publifikatzearen alde badaude. Ez zait eta bertze biderik bururatzen gure etxeko botikina gure etxeko uztarekin bete nahi badugu. Gure osasuna, gure esku gelditu dadila.