Datu ofizialak dira. Bazterrean jarduten duen errealitate bateko gutxienekoak, alegia. Eta eguneko datua izaki, bertze hainbertzerengatik biderkatu beharrekoa dela bistan da, putazale kopuru erreal batera hurbildu nahi bada. Ezin norbere buruari galdera hauxe egin gabe utzi, horregatik: zenbat putazale daude, hortaz? Zenbat zarete?
Garrantzitsua da galdera. Erantzuna bera. Datu horien gibelean ez baitago sexu-praktika jakin batzuen gaineko juzgu jakin bat, ezta sexuarekiko irakurketa etikorik egiteko intentziorik ere. Kontrakoa. Pertsonak eta bereziki emakumeak ulertzeko zein modu dagoen ulertzeko gogo bat dago, ez bertzerik.
«Pentsatu gabe, galdetu gabe, guk nahi dugun hori eginarazteko prest gaude. Zaude»
Datu horien gibelean bertze erretratu hau ere badagoelako: egunero gutxienez 2.000 gizaseme prest daude Nafarroan sexu bidez pertsonaren bat esplotatzeko, diru truke norberaren erantzukizuna eta enpatia uxatzeko, eta ea paperak ote dituen, ea norbaitek hor egotera behartu ote duen, ea zenbatgarrena ote naizen... pentsatu gabe, galdetu gabe, guk nahi dugun hori eginarazteko prest gaudela. Zaudela.
Horra gure gizartearen zimur sakon bat. Egia zahar bat, prostitutaz solas egiten dugunean ezkutatzen dena: zenbat zareten parean duzuen pertsona, emakumea, deshumanizatzeko gai. 2.000 egunero bai, gutxienez.