Bistan da lehen sektorea odolusten ari dela, baita gurean ere. Ezin banatzaileek ordaintzen dizkieten lau sosekin aitzinera segi, arre edo so egiteko tenorean daudela salatu dute nekazari eta abeltzainek berriki Iruñeko kaleetan egindako protestetan. Izan ere, orain 30 urteko prezioetan saltzen dituzte barazkiak, arrautzak, esnea. A ze paradoxa: bertzeoi jaten ematen digutenek ez dute euren burua elikatzeko adina diru irabazten.
«Batzuen sakelak bete ahala, gainontzekoon menpekotasuna handitzen da»
Aitzurra erabiltzeko nahikoa lan dugunok, baina, jabetzen al gara horrek guziak erran nahi duenaz? Banago ezetz, errealitate hori aski hurbil izanagatik ere. Zifra horien gibelean ez baitago bakarrik elikagai goxoagoak ezin jatearen galera, arrasto ekologikoaren handitzea, prezioen saltsa edo lanpostuen deuseztatzea. Hori guzia ere badago, dudarik gabe, baina gure buruen jabe izateko aukera eta indarra ere galtzen ari garela erran nahi du, pertsona eta herri bezala. Bertzearen eskutik jan behar duena bertzearen menpe baitago: ezin preziorik erabaki, ezin prozesua kontrolatu, ezin nekazari eta abeltzainen jornala gainbegiratu, ezin janariaren kalitatea segurtatu, ezin kutsadura gutxitu, ezin gure paisaia zaindu, ezin ekoizpen molde batzuen alde egin, ezin azpiko dendan elikagai jakin batzuk eskuratu...
Bada horregatik urduritzeko moduko zifra iraulketa, sekulan eskuetan babarik izan ez dugun erosleak ere kezkatzeko gisakoa. Batzuen sakelak bete ahala, gainontzekoon erabakitze ahalmena urritzen delako, menpekotasuna handitu. Nekazari eta abeltzainena zein erosleena. Eta bada horregatik, norberetik egiten ahal diren kontsumo ohitura eta keinuez gaindi, denon artean erantzun beharreko afera. Soka beraren bi muturrak bertzerik ez baikara, herrestan denak elkarrekin eramateko bidean.