Virgo konstelazioak dituen bi izar nabarmenenak Spica (galburu) eta Vendimiatrix (mendematu) dira, eta ikusten duzuenez, nekazaritzarekin lotura duten izenak dira. Izan ere, irailean zenbait uzta biltzeko garaia da eta eginkizun honi egiten diote erreferentzia izen horiek. Baina, kontuz! Ez zaitezte saiatu sasoi honetan Virgo zeruan bistaratzen, izan ere, aipatu dugu Eguzkia konstelazioa edo zeruko eremu honen aitzinetik igarotzen dela, beraz, horrek erran nahi du izar-multzoa eguna denean dagoela zeruan. Orduan, noiz ikusiko da Virgo gauez? Hain justu, sei hilabeteren buruan, udaberriko ekinoziorantz hurbiltzen garenean, martxoan.
Kondairak dio, udaberrian ateratzen dela Virgo denen begietara. Hobeki erran, bere ama zen eta urtaroak menperatzen zituen Ceres jainkosaren begietara. Egun batean, infernuko jainkoa zenak, Plutonek, Virgo bahitu eta lur azpira eraman zuen, berarekin maitemindu baitzen. Ipuinaren arabera, Ceresek, tristurak hartuta, urtaroen oreka hautsi zuen eta betiereko negua jarri zuen indarrean: iluntasuna eta hotza nagusi izan zen denbora luzez. Honek, gizateria tristezian eta miserian murgildu zituen, baina, azkenik, negoziazioa tarteko, Virgo urte erdiz Plutonekin egotea adostu zen, eta urte erdiz bere amarekin. Virgo udaberrian ateratzen zen bere amarengana, eta honek, loraldia eta uzta oparoak ekartzen zituen bere ama kontent jartzen zelako. Udazkenean, aldiz, neskatxa Plutonengana itzultzen zen, eta Ceresek lurra antzu bihurtzen zuen.
Badira zenbait hilabete dagoeneko pandemiak gure egunerokotasun alaia bahitu zuenetik, eta geroztik, Ceres bezala, nahiko etsituta gabiltza egoerarekin. Bitartean, hurrengo ekinozioaren esperoan geldituko gara, alaitasuna den (zen) normaltasunaren konstelazioa dagoen tokitik atera eta ikusgai bihurtuko ote den pentsamenduan.