Zientrak eta lentziak

Maite dut ikastea. Baita prozesu hori inoiz bukatuko ez dela ulertzea ere. Gogoan dut, gaztetxoa nintzelarik, baten batek gelan galdetu zuela: «Eta zuek zer eginen duzue, Zientziak edo Letrak?». Nik ez nuen galdera ulertzen, baina segidan jakin nuen horietako bat hautatzeko bidean nintzela, eta bide horrek, nolabait, nire etorkizuna baldintzatuko zuela. 

Gaiak bi aukerekin soilik sailkatzen ditugunean, badirudi bata edo bertzea bakarrik hauta dezakezula, eta okerrena dena, hautatu ez duzun horren gaineko interesa zerora jaitsi ahal dela. Azken finean, ardura daitezela bertzeak, bertze aukera hautatu dutenak… Horrekin guztiarekin batera, Plaf!, badatoz estereotipoak. Sinplifikatuz, letrak sentiberentzat direla, memorizatzeko gaitasun handia dutenentzat ere… Eta zientziak, aldiz, matematiketan onak direnentzat, praktikoak direnentzat. 

«Zientzietakoa edo letretakoa diogula erraterakoan, kontrako diziplinen inguruko ardurak gure gain hartuko ez ditugula erran nahi du?»

Ez nabil txikitan bizitakoei buruz bakarrik ari. Aitzinekoan, bilera batean, excel programarekin kontu batzuk goiti-beheiti, parte-hartzaile batek bertzeari erraten zion «egin zuk eragiketa, ni letretakoa naiz». Bertze batean, idazteko gogo gehiegirik ez zuen pertsona batek bertzeari erran zion, «Eginen duzu zuk bloga, ezta? Ni zientzietakoa naiz». Zientzietakoa edo Letretakoa diogula erraterakoan, kontrako diziplinen inguruko ardurak gure gain hartuko ez ditugula erran nahi du? Nire ustetan, ikuspegi hori mundua erdizka ulertzeko hautua da. 

Zientzia-jakintza eta Jakintza-humanistikoa bateragarriak dira, nahiz eta, ikasketa-planetan ia ez diren ezagutzen, eta hori pixkanaka aldatzen joatea komeni da. Etorkizuneko lanbide aunitz oraindik sortzear daude, eta aipatu bi alor horien lankidetza eskatuko zaie etorkizuneko langileei. Adimen artifiziala, erraterako, ate joka dugu. Urrun ikusten duzue? Ba al dakizue robot bat ez garela aitortzeko ordenagailuan letra-zenbaki kode aldrebesa –captcha– sartzen dugun bakoitzean adimen artifizialeko makina bat entrenatzen dugula? Makina horren ikasteko prozesuan parte hartzen dugula? 
Ikasterakoan ez dira ezagutzak, edukiak, jaso behar bakarrik. Horien kontestua jakiteak zeharo aberasten du ikasteko prozesua. Maite dut ikastea. Baita prozesu hori inoiz bukatuko ez dela ulertzea ere, ikastea ez delako azterketa baterako prestatzeko ibilbidea, norbera aberasteko bidea baizik. Ez diet estereotipoei etorkizuna baldintzatzen utziko, mundua ulertzeko eta ikasteko nik buffet librea nahi dut, Lentziak eta Zientrak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun